Tolosako Usabal kiroldegiko ezbeharra, giza akatsa

Ataria 2017ko uzt. 28a, 14:37

Udalak segurtasun neurriak indartu dituela esan du. 104 pertsona artatu ziren kiroldegiko kloro intoxikazioaren ondorioz.

Tolosako Usabal Kiroldegian kloro intoxikazioa izan zen uztailaren 4ean. Gaur, ezbeharra zergatik gertatu zen eta berriro gerta ez dadin zein neurri hartu dituzten azaldu dute Tolosako udaletxean. Agerraldian, Olatz Peon Tolosako Alkatea, Asier Martin Usabal kiroldegiko gerentea eta Asier Bakaikoa Tolosa Lantzen SA udal entitate publikoaren teknikaria izan dira.

Peonen esanetan, Usabal kiroldegiko barruko igerilekuan ezbeharra gertatu ondoren, Tolosako Udalak nola gertatu zen jakiteko prozedura administratiboa jarri zuen martxan; Usabal kiroldegia kudeatzen duen enpresari, Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko Osasun Publikoaren zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileei egunean gertatutakoaren eta emandako pausu guztiak batzen dituen txostena egiteko eskaera luzatu zien.

Gaur, txosten horren ondorioak aurkeztu dituzte:

"Hipoklorito sodikoa zuen 500 litroko ontziak (irekitzeko-ixteko giltzaren junta batetik) fuga bat zuenez, kiroldegiko mantentzeko langile batek ontzi-aldaketa prozedura hasi zuen ihesa konpontzeko (ez da ohiko prozedura). Tamalez, behar ez zuen 1.000 litroko ontzia (azido sulfurikoa izandakoa) hartu zuen hipoklorito-ontziaren aldaketa egiteko.

Bi produktuak erreakzio kimikoa izan zuten, eta konbinazioak kloro gasa sortu zuen. Pixkanaka-pixkana sotoan zehar zabaltzen hasi zen eta barruko igerilekuan aireztatze sistemak hartu zuen. Gutxi gorabehera 10 minutuan aire kutsadura igerileku barruan zabaldu zen".

Ezbeharraren ondorioz 104 pertsona artatu ziren udalak emandako datuen arabera. Horietatik 23k artatze berezia jaso zuten, eta inguruko ospitaletara zein anbulatorioetara bideratuak izan ziren. Ezbeharra gertatu ondorengo 24 orduetan kaltetu guztiak etxean zirela esan du Olatz Peonek. Usabal kiroldegia uztailaren 5ean 10:00etan ireki zen bere osotasunean, "analisi guztiek airearen garbitasuna bermatu ostean".

Erantzun "azkarra" eta segurtasun neurriak

Ezbeharra gertatu eta gero erantzuna oso azkarra izen zela nabarmendu du Asier Bakaikoak: "Bai kiroldegiko langileen partetik, bai larrialdietako arlo ezberdinengandik ere. Beraz, esan genezake autobabes plana egoki bete zela".

Olatz Peonek ere ezbeharrari eman zitzaion erantzuna "ona" izan zela esan du: "Ezarritako protokoloa goitik behera bete zen, Usabal kiroldegia minutu gutxitan uste zen eta zaurituak berehala artatu ziren". Prozedura horretan parte hartu zuten guztiekiko esker oneko hitzak izan ditu alkateak. Zaurituentzat ere izan ditu hitzak Olatz Peonek: "Gertutasunez egon gara beraiekin, eta askorekin hitz egin dugu". Beste batzuekin hitz egiten saiatu arren ez dute lortu, ospitaletan datu pertsonalak ez dituztelako ematen. Guztiei zuzendu zaie udalarekin konta dezaketela esaterako orduan: "Edozein zalantza, argibide edo laguntza eskura dezakete Tolosako Udalean".

Etorkizunean horrelakorik gerta ez dadin, Tolosako Udalak kiroldegiaren enpresa kudeatzaileari neurri tekniko bereziak eta osagarriak hartzeko egin beharrak ezarri dizkiola azaldu dute udal ordezkariek, eraikinak dituen aurreko segurtasun neurriak hobetzeko, "jada nahiko zorrotzak badira ere". Batzuk jada martxan direla azaldu dute:

1. Bateraezinak diren produktuak bananduta izatea. (Hipoklorito sodikoa eta azido sulfurikoa)

2. Ontziak kolore ezberdinetakoak erabiltzea produktu bakoitzeko. Kartelak bikoiztea, alegia, horman eta ontzietan jartzea.

3. Sotoan arriskutsuak diren ontziak identifikatzea eta edozeinek ikusiko duen kartela ipintzea.

4. Balio ez duten ontziak edota erabiltzen ez direnak behar den lekura eramatea birzikla daitezen. Ontzi guztiak identifikatuta behar dute izan.

5. Produktu arriskutsuen manipulazio-prozedura idatzizkoa izatea. Mantenuko langileak eta gerenteak ezagupena eta koordinaketa eginaz.

6. Produktu kimikoen erabileran formakuntza berezia eta sakona ematea mantenuko garbiketa eta ardura berezia duten langileei.

7. Sotoko aireztatze sistemak sototik kanpora ateratzea.

8. Sotoan gas toxikoak detektatzen dituen zunda ezartzea eta alarma sistemarekin bateratzea.

9. Alarma eragiteko sistema manuala ezartzea kiroldegiko harreran, megafoniarekin bateratua, mezu automatikoa eman dezan. Era horretan, edozein erabiltzaile aldageletan edo beste leku batean badago, ohartarazteko instalazioak utzi behar dituela. Honelako mezua: "Mesedez hustu instalazioa, hau ez da simulakro bat. Ezbehar bat gertatu da eta zure segurtasuna bermatzeko bideratu irteerara, mesedez".

10. Usabal kiroldegiko autobabes planaren azterketaren ondorioz, lau hobekuntza ekintza aurreikusten dira.

11. Horietaz gain, administrazio-sail ezberdinekin adostutako beste edozein ekintza zuzentzaile.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!