15 lagun erietxera eraman dituzte Usabal kiroldegian izandako intoxikazioagatik

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 4a, 17:45

Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekuan 28 pertsona artatu dituzte gaur arratsaldean kloro intoxikazio bat dela eta; igerilekua hutsarazi dute eta gertatutakoa ikertzen ari dira.

Kloro intoxikazioa gertatu da gaur arratsaldean Tolosako Usabal kiroldegiko barrualdean. 16:15ak aldera, gas isurketa bat gertatu da sotoan eta barruko igerilekura barreiatu da gasa. Horren ondorioz, Usabal kiroldegiko barrualdea hutsarazi dute eta 28 pertsona artatu behar izan dituzte gasa arnasteagatik.

Olatz Peon Tolosako alkateak azpimarratu duenez, 28 lagun horietatik 15 ospitalera eraman dituzte, prebentzioz. Asuncion, Donostia eta Beasaingo ospitaleetara eraman dituzte; gehienak haurrak, 80 urte inguruko bat eta 50 urte inguruko beste bat. Peonek gaineratu du ez dela ezer larririk gertatu, eta prozesu guztia normaltasunez egin dutela: «Ospitalera eramateak ez du esan nahi larri daudenik, baizik eta oxigenoa behar dutelako artatu dituzte», azpimarratu du Tolosako alkateak.

Osasun langileez gain, hamar suhiltzaile gerturatu dira Usabalera eta gas isurketa kontrolatu dute: «Haizagailuen bidez, aire-korronte bat sortu dute gasa bertatik ateratzeko. Lehengo egiaztatu dugu gasik ez dagoela, eta bitartean, igerilekuaren barrualdea hutsarazi dute», azaldu du Fernando Garcia Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaileak. 18:15ak aldera, igerilekuaren kanpoaldeko bi igerilekuak ere hutsarazi dituzte, eta guztiz itxi zuten igerilekua: «Oraingoz, igerilekua itxita dago eta arriskua kontrolatuta dagoenean irekiko dute igerilekua», adierazi dute Garciak. Gas isurketa zerk eragin zuen ikertzen ari dira.

Momentu honetan, airearen kalitatea ona da eta azterketak egiten jarraitzen dute; horien arabera erabakiko dute bihar goizean zabalduko duten ala ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!