Kaleak bukatzen diren arte

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko uzt. 26a, 09:46

Lur-globoaren mugimendua polita da behatz punten azpian. Polita da, bueltak emateari utzi eta hurrengo bidaia azalean sentitzea; hala erakutsi digu, behintzat, zinemak. Baina, are ederragoa da, bidaiarik onena oinen azpian duzula sentitzea: sorterriko kaleetan. 

Egunero zapal dezakezulako, postalei begiratu beharrik izan gabe. Egunero bisita ditzakezulako txoko kuttunenak, edo asteburuetarako utzi. Edo, egunero gorrota dezakezulako sorterria, segundo bakarrean berriro maitatzeko. Nola azaldu, ordea, pasiozko istorio hori, beste sorterri batetik zurera bidaiatu duenari? 

Pentsa telefono dei bat jaso duzula, zure sorterrian; demagun, Tolosan: urtetan ikusi gabeko lagun bat besarkatuko duzu bihar. Zalantzarik ez da: tren geltokiak elkartze eta agurretarako diseinatu zituzten behinola, eta bertan egingo duzue hitzordua. 

San Frantzisko pasealekua eta hango erakusleihoak ez dira nahikoa izango zuen hitz-jarioa koloreztatzeko, eta lehen geldialdia egingo duzue, Beotibar pilotaleku parean: bi lagun eta kafe bana nahikoa izaten dira, galdutako urteak elkarrekin berreskuratzeko. 

Ordea, kaleak zapaltzen ere berreskuratu daiteke joandako denbora, eta lorez jantzitako baldosetan barrena iritsiko zarete Triangulora: dena hasten eta bukatzen den lekura. Mende berriko Atautsak iragan mendeetako ateekin parez pare daudenera. Herriaren bihotzera. 

Badirudi Tolosak bisitari guztiak besarkatu ahal izateko bihotza duela eta, horregatik, ez da bisitariari Alde Zaharreko taupada guztiak sentiaraztea baino ederragorik, bueltan itzul dadin. Zerkausiko azoka edo eskaileren ederra; Korreo kaleko erakusleiho eta joan-etorriak; Errementari kaleko bidezidorra, bakardadearen xarmaz; Letxuga kaleko harlauza gorria, udaletxeko arkupera iristeko; Andre Maria plaza, urteko 365 egunetan ekainaren 24a gogoraraziz; Arte-kale bilakaturiko antzinako errege bidea, Kale Nagusitik; mozorro egunen hasiera puntua, musikari handien izenez; edo, pla- za itxura duen arnasgune bat, kale estu eta luzeen artean. 

Orduan, Plaza Berrira iritsitakoan, haurrek izarrak nola, zuek Plaza Berriko kioskoko sabaia begiratuko duzue, eta koloreen munduarekin liluratu. Eta, lilurari tiraka jarraituko duzue, bazkari legea plazan bertan eginez. Eguzkiak arratsaldea ondo luzatu arte itxarongo dizue bertan eta, ondoren, Tolosa zapaltzen jarraituko duzue, kafetan bustitako elkarrizketak bestelako edaritan bustiz. 

Eta hizketaldiak besarkada bilakatuko dituzue, eta topa egin, behin eta berriz, hitzorduari ahalik eta zuku gehien atera nahian bezala. Elkarrekin postal bat idazi beharko bazenute bezala. Sinatu aurretik, ordea, postaleko kontakizunean txertatu beharreko perla erakutsiko diozu lagunari: Euskal Herria plaza. Aspaldiko hiriburutzak utzitako harribitxi arkitektonikoa edo, bestela esanda, Tolosaren birika soziala. Gaua arnastuko duzue birika horretatik, eta bidaiaren kaleak zapaltzen jarraitu, bukatzen diren arte. 

Erlazionatuak

Zentzumenak zabalik bisitatzekoa

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!