[PUBLIRREPORTAJEA] Tolosarren elkargune soziala

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 21a, 09:27

Eskualdeko ostalaritzaren gailurretako bat da 19-90. Historia handiko txokoa da, alabaina, 2008az geroztik traza berritzailea hartzen joan da. Askoren aburuz, afaldu aurretik zintzurra gozatzeko topaleku bilakatu da.

Belarritik belarrirainoko irribarrearekin mintzatzen da Ibon Leunda (Alegia, 1977) bere proiektuez. Gaztetxoetatik ostalaritza bokazio eta arnasbide izan da alegiarrarentzat, eta 2008ko urtarrilean, 19-90 tabernaren aldeko hautua egin zuen, bere emaztea bidelagun zuela. Aspaldian olatuaren aparrean dabiltza.

Etenik gabeko bilakaera

Pub estiloko taberna da jaiotzez, ordea, urteen poderioz gastropub gisa katalogatu zuten. Egun, gastronomiari gorazarre egite aldera, gastroteka bilakatu da. «Ohartu ginen gauez lan egiteari utzi gabe, eguneko giroan zentratu behar genuela gehiago, sukaldearen laguntzaz», esan du Leundak. Aldaketa ugari bai, alabaina, oinarria berbera da.

Izan ere, 19-90 betidanik izan da entzutetsua produktua mimo gehiagoz zaindu izanagatik; «prezioak beste tabernetako berberak dira, baina, zerbitzua goitik doa», adierazi du Leundak. Beste taberna andanaz inguratuta egonda ere, eskaintzen den zerbitzua oso ezberdina dela dio tabernaren nagusiak.

«Merkatua guk bilatu dugu, ez dago zer ikusirik gure pintxoen eta besteenen artean». Esate baterako, fruta deshidratatuekin egiten dute lan, eta konbinatuetan ere inor gutxik eskaintzen duen aniztasuna bermatzen dute. Hori da antza 19-90 tabernaren filosofiaren muina, ezberdina izatea, eta hutsunea dagoen lekuan ahalik eta gehien sakontzea. Hori bai, estrategiak estrategia, bertako ekoizleekin duten erlazioa goraka doa, etxeko uztari hegoak emanez.

Ahosabaiarentzat gozagarri

Premia guztiei erantzuten die 19-90 gastrotekaren kartak. Sekula nahastea otu ez zaizkigun osagaiekin eginiko pintxoak, anoak, baita otordu mardulak ere. Ez da samurra ordea, hain zerrenda anitzaren aurrean, erabakia hartzea. «Hanburgesa frantziarra, ezbairik gabe» dio Leundak, eskaintzen duten produktuetan kuttunena zein den galdetuta.

Inkontzienteki janari azkar eta ez osasuntsuarekin lotzen da hanburgesa; halaber, 19-90 taberna ahalegindu da erraztasun horretan ez erortzen, eta mimo gehiagoz prestatzen. «Baserriko ogia apropos egi- ten dute guretzat, entrekota sartzen dugu tartean, eta beste dozenaka osagai». Hori gutxi ez eta, aitortu du hanburgesen iraultza moduko bat sortu dela, jendea espresuki horretara etortzen dela.

Lau hormen bueltan

Leku estrategikoa da zalantzarik gabe, Euskal Herria plaza. Larunbat arratsetan izaten den giroak, inbidia sanoa pizten dio Tolosakoa ez den bati. «Donostiako lagunak txunditurik geratu ziren; Aste Nagusia kenduta, gutxitan izaten omen da horrelako girorik hiriburuan», dio Leundak harro. Gazteen presentzia nagusitzen bada ere, helduak eta aitona-amonak ere hartzen dute betarik xarma berezia duen plazan erlaxatzeko.

«Hori da gure indargunerik nabarmenena, adin-tarte zabala hartzen du gure publikoak, familia osoak ere sarri datoz guregana, polita da zinez horren ‘errua’ zuk duzula jakitea», goraipatu du nagusiak. Gainera, herriko turismoa laguntzen duen herririk bada, hori Tolosa da; egutegian hamaikatxo ekitaldi antolatzen dira, eta hein handi batean, ekintza horiek aparra areagotzen dute.

Mugak malgutzen

Tolosaldeaz harago ere haziak ereintzen ari dira. Ordizian ere beste gastroteka bat dute, 2015eko abenduan ireki zena, hain justu. Horrenbestez, ospea Gipuzkoako bi eskualdeetan hartu du, Tolosaldean eta Goierrin. Hirugarren negozioarekin batera, hirugarren eskualdean ere izango du eraginik, Debagoienan.

Irailaren 7an, beste senide bat sortuko baita 19-90 gastrotekaren adarrean. Arrasaten irekiko dute gastroteka. «Lokala handia da oso, eta eguneko menua emateko ere aprobetxatuko dugu espazioa», dio Leundak, gogoz, data begi artean duela.

Askok serio botatzen omen dute galdera, «Zergatik ez duk beste bat Tolosan irekitzen Arrasaten beharrean?». Ibonek ezerezen gainetik, gastrotekaren kultura zabaltzea du xede, han-hemenka; eta Arrasaten dagoen hutsunea bere arduratzat kontsideratzen du jada. Urteko egun guztietan zabalik izango dira Tolosako, Ordiziako eta Arrasateko ateak, 19-90ko olatua jende gehiagok har dezan. 

Erlazionatuak

Zentzumenak zabalik bisitatzekoa

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!