Bi urteok «inprobisazio eta harrokeriaz» pasatu direla dio EH Bilduko oposizioak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko uzt. 5a, 15:42
Besteak beste, merkataritzaren inguruan "kezka" azaldu du oposizioak.

Udal gobernuaren balorazioari erantzun dio oposizioak, agintaldi erdian; azpimarra jarri diote ahots politiko guztiek udal erabakietan pisua izateko aldarriari.

Udal gobernuak plazaratutako balorazioaren ondotik helarazi du, Euskal Herria Bilduko udal taldeak, bere iritzia. 2015-2019 agintaldiko lehen bi urteok «inprobisazioz eta harrokeriaz» pasatu direla azpimarratu dute eta, besteak beste, aurrekontuak, proiektuak, parte hartze prozesuak, merkataritza nahiz euskara kudeatu eta jorratzeko moduak kritikatu ditu oposizioak.
Hala ere, EH Bilduko zinegotziek azaldu dute udal gobernuaren erabaki guztiak «ez direla okerrak izan»: «Badakigu agintaldi guztietan erabaki zuzen zein okerrak har daitezkeela. Horregatik, baizkoa eman diegu Tolosarentzat onuragarriak iruditu zaizkigu udal gobernuaren erabakiei», diote.
EAJ eta PSE-EEren gobernuak 2015etik hona egindako bidea baloratzen hasita, bi urteok «harrokeria politikoaren adierazle» izan direla uste du EH Bilduk: «Publikoki nahiz pribatuan eskua luzatu diegu, hainbatetan, tolosarren interesen alde elkarrekin lan egiteko, baina gobernuak ez du asmorik azaldu eztabaidatu eta akordioren batera iristeko, nahiz eta bilerei bide emateko itxura egin duten. Oposizioko talde bakarra baldin bagara ere, gobernuak gutxietsi egin gaitu».

«Plangintzarik gabe»

Hiru puntu nagusitara bideratu du kritika, Tolosako EH Bilduk: aurrekontuen plangintzara, proiektu eta obra berrietara eta parte hartzera.
«Estrategia eta planifikazio falta» egotzi diote EAJri eta PSE-EEri, eta aurrekontuak baliatu dituzte adibide gisa: «Udal aurrekontuak etengabeko aldaketak jasaten ditu, eta urte hasieran onartutakoak ez ditu urtean barrena garatu beharreko proiektuak behar bezala aurreikusten (...). Bide orri zehatz bat markatu gabe ari dira», diote.
Obra eta eraberritzeei dagokienez ere, kritika bi norabidetan bideratu du oposizioak. Batetik, «agintaldian martxan jarritako lanak aurreko agintaldian planifikatutakoak» direla diote: «Bidebieta auzoko eraberritzea, Elosegi parkearena, Berazubiko aldapa nahiz Nafarroa etorbidea». Eta, bigarrenik, EH Bilduk dio «aurreko agintaldiko hainbat egitasmo geldiarazi» egin dituztela, «berriro martxan jartzeko».
Azkenik, parte hartzea gauzatzeko modua ere arbuiatu du oposizioak, esanez, gobernuak gaiari ez diola «behar duen seriotasunez heldu». Tolosatzen prozesuak herritarren erritmoari jarraitu beharrean, «administrazioaren erritmo eta epeei jarraitu» diela diote: «Ondorioz, parte hartzea baxua izan da».

Bi kezka zehatz

Agintaldiko lehen bi urteetako balorazioa egiterakoan, EH Bilduko oposizioak bi gai zehatzetan jarri nahi izan du begirada, «kezka» azaltzeko.
Merkataritza da bata, eta berau sustatzeko udal gobernua «ezintasuna» erakusten ari dela nabarmendu dute: «Tolosako merkataritza erreferentzia izaten jarraitzea nahi dugu». Beste kezka, berriz, euskararen ingurukoa da: udal gobernua esparru horretan «lasaitasuna eta arduragabekeria» erakusten ari dela diote.
Ertz horiek guztiak plazaratu eta gero, EH Bilduk azaldu du «udaleko ahots guztiek pisua» izan behar dutela eta, bide horretan, beren besoek «zabalik» jarraitzen dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!