Agintaldiko bost helburu estrategikoak bideratuta dituela azaldu du Tolosako udal gobernuak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko uzt. 4a, 10:17
EAJko eta PSE-EEko udal gobernua. TOLOSAKO UDALA

Bi urte pasatu dira Tolosako Udaleko ardura hartu zutenez geroztik eta, lan erditan, EAJk eta PSE-EEk orain artekoaren balorazio "positiboa" egin dute.

2015. urteko ekainean hartu zuen, Olatz Peon Ormazabalek, Tolosako Udaleko aginte-makila. EAJk eta PSE-EEk osatu zuten udal gobernua, eta bidearen erdia egin dute, jada, agintaldia amaitu aurretik. Bada, taldeak balorazio bat egin du eta, azaldu dute, beren buruari ezarritako bost helburu estrategikoak "bideratuta" dituztela jada: "Agintaldi honetarako aurreikusitako proiektuen zati handi bat abia da jada, eta aurretik ere baditugu hainbat; guztiak modu arduratsuan aurreikusten, aztertzen eta garatzen ari gara", azaldu dute ohar bitartez.

"Tolosa berriro abian jartzea" EAJren eta PSE-EEren helburu behinena zela azpimarratu dute balorazioan eta, bide horretan, "agintaldiko norabidea finkatu" dute, Olatz Peon alkatearen arabera: "Gure herriarentzat behar-beharrezkoak ziren proiektuei irtenbidea ematen ari gara".

Bost jomuga estrategiko horietan lehena, ekonomiaren atala izan da, udal gobernuko hamar kideek nabarmendu dutenez. Horrela, "ezinbestekotzat" jo dute esparru hori sustatzea, herriaren garapenerako. Jorratutako egitasmo eta proiektuak zerrendatu dituzte: "Oriaburu eraikinean urte amaieran zabalduko dugun co-working gunea; enplegu eta ekonomia plana; Usabal industrigunea modernizatzeko azterketa, Sprilur-ekin elkarlanean; Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoa; alojamendu eta ostalaritza proiektua Euskal Herria plazan, edo Lanbide Heziketaren sustatzea".

Horren harira, bigarren helburu estrategikoa azpiegituretan ezarri du Tolosako udal gobernuak, eta azpimarra jarri dute udalarenak diren azpiegiturak aztertze horretan, "herritarren beharrei erantzuteko". Adibide gisa, Korreo kaleko Iturriza jauregia baliatu dute, udalak aurten eskuratu baitu ondasun moduan: "Tolosa herri bizia da, eta proiektu berri guztiei erantzun bat emateko, baliabideak eskaini behar zaizkie tolosarrei".

Higiezinen bide beretik, kaleak ere egokitu nahi izan dituzte eta, bide horretan, Nafarroa etorbideko eraberritzea –Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoan txertaturiko obra– 2017ko inbertsio handiena izango da Tolosako Udalean. Halaber, udal gobernuak gogora ekarri nahi izan ditu bi urteotan aurrera eramandako eraberritze eta irisgarritasun lanak: "Bidebieta auzoa, zezen plaza, Elosegi parkea, Samaniego ikastetxea nahiz Paper eskolako igoera, adibide. Gainera, aurretik, Gaztelako atean eta Ferialekuan ere zenbait moldaketa egin ditugu". Azkenik, azpimarratu nahi izan dute Oria ibaian egitekoak diren azterketa; herria "Oria ibaira begira" jarri nahi dutela diote, ibaia "baliabide zabal moduan berreskuratzeko".

2015etik 2017ra bitarte jarraitutako bide-orriari begira, Tolosako udal gobernuak "administrazioa gardenago bilakatzeko pauso esanguratsuak" eman dituztela azaldu du balorazioan, parte hartze prozesuei begira jarriz. Gogora ekarri nahi izan dute, lanean ari direla "gobernantza eredu berri bat" sortzen. Halaber, Tolosatzen parte hartze prozesua ere seinalatu dute: 10 urtera begira ikusi nahiko luketen Tolosa marraztu dute hainbat herritarrek, prozesuan. Azkenik, Amarotz auzoko parte hartze prozesua ere aipatu dute.

Parte hartzearen bidetik, "Tolosarren ahotsa entzutea asko baloratzen" dutela azaldu du Olatz Peon alkateak eta, bide horretan, neurri berriak hartuko dituztela iragarri: "Informazio panelak jarriko dituzte laster, eta doako wifi zerbitzua ere eskainiko dugu eraikin publikoetan".

Azkenik, udal gobernuak elkartasunaren ardatzari ere garrantzia eman nahi izan dio, igaro diren bi urteei nahiz datozenei begira: "Inor ez dugu bidean utzi nahi (...), pertsona erdigunean jarri nahi dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!