Usabalen intoxikatuetakoetatik 3 behaketan

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 5a, 12:33

Usabal kiroldegiko Asier Martin gerenteak baieztatu du, atzo ospitaleetara emandakoetatik, hiruk bakarrik eman behar izan dutela gaua bertan. "Ez zeuden larri, baina arazorik sortu ez dadin, badaezpada, gaua igaro dute ospitalean. Goizean bidali behar zituzten etxera. Gainontzekoak atzo bertan joan ahal izan ziren euren etxeetara. Egonkortu ahal izateko eraman zituzten ospitaleetara; hemen ere –Usabalen– jende asko zegoen eta ospitaleetan hobeto artatuko zituztelako eraman zituzten", azaldu du. 10:00etatik zabalik dago kiroldegia, normaltasunez.

Martinek esan duenez, oraindik ez dakite zerk eragin zuen kloro isuria. "Oraindik ez daukagu txosten teknikoa eta zain gaude. Bai esan dezakegula prebentzio lan guztiak betetzen ari garela berriz ere gerta ez dadin, eta jendeari esan nahi diogu lasai egoteko, kiroldegia irekita dagoela, normaltasunez, eta dena kontrolpean daukagula".

Suhiltzaileek eta Osasun saileko langileek atzo arratsaldean eta gauean egin dituzte neurketak, eta esan dutenez gas isuria erabat desagertu da. Guztira 104 pertsona artatu behar izan zituzten atzo, ia guztiei unean bertan eman zieten alta, eta 23 izan ziren ospitaleetara eraman zituztenak. Horietako 20ri atzo eman zieten alta eta hiruk eman behar izan dute gaua bertan. Osakidetzak adierazi duenez, behaketan daude. Asuncion klinikan 44 urteko emakume batek pasa du gaua eta goizean zehar emango diote alta. Beste biak Donostiako ospitalean egon dira; 24 urteko emakume bati proba osagarriak egin dizkiote larrialdietako behaketako unitatean, eta emaitzen zain dago, eta 8 urteko haur bat ama-haurren eraikineko behaketan dago, eta goizean emango diote alta. Tolosako anbulatorioan ere bost pertsona artatu zituzten, lau haur eta heldu bat; guztiei atzo eman zieten alta.

Usabalgo gerenteak eskerrak eman nahi izan ditu era berean: "Eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiogu Usabalgo monitore eta sorosle guztiei emandako erantzun azkarragatik, baita erabiltzaileei ere, izandako pazientziagatik. Besarkada potolo bat eman nahi diegu ere kalteren bat pairatu dutenei eta  barkamenak eskatzen dizkizuegu emandako sustoagatik, gertaera oso ikusgarria izan baitzen. Gerturatutako anbulantzia, suhiltzaile, udaltzain eta ertzainei ere eskerrak, erantzun azkarra eta ona eman baitzuten".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!