Langileen bultzada, euskal preso eta iheslarien aferari

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ekainaren 15a

Ireki ekimenaren lehen olatuari larunbat honetan emango diote amaiera, Gasteizen; urritik hona sinadurak biltzen aritu dira.

«ETAk su etena iragarri eta bost urte baino gehiago pasata euskal preso eta iheslarien etxeratzerako nolabaiteko blokeoa zegoela» iritzita, langile mugimenduak Ireki ekimena abiarazi zuen pasa den urrian. Sindikatuez harago doan ekimena da Ireki, eta larunbat honetan emango diote amaiera, ikasturte honetan egindako lanari. «Langileen artean zegoen kezka bati erantzuteko ekimen bezala sortu zen Ireki. Zer egin erabakitzerakoan, behar bada ez da biderik originalena, baina sinadura biltze bat egitea erabaki zen. Milaka sinadura bildu ditugu euskal preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko», esan du ekimeneko kide den Haizea Mendiak.

Larunbatean Hego Euskal Herrian langileen artean zenbat sinadura bildu diren argituko dute eta baita nora bideratuko dituzten atxikimendu horiek guztiak. Tolosaldean 2.000 sinadura bildu dituzte. Garrantzitsuena, dena den, sinadura kopurua baino gehiago, ikasturte honetan egindako lana eta atxikipen kanpaina bera direla esan du Mendiak. «Aurrez aurreko lana egin da eta hori ere oso garrantzitsua eta positiboa da», esan du.

EKITALDIA GASTEIZEN

Ez da kasualitatea afera honi irtenbidea emateko ekimena langileen mugimendutik sortu izana, «gai sozialetan ere langileen ekarpen asko eta garrantzitsuak egin izan dituzte eta oraingoan ekarpena egin nahi genuen». Amaierako ekitaldia Gasteizen egitea ere ez da kasualitatea. «Gasteiz langileen mugimenduarekin zerikusia duen hiria da eta amaierako ekitaldia Martxoak 3 plazan egingo da», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!