«Langileen agendan preso eta iheslarien gaia kokatu izana oso positiboa da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko eka. 15a, 15:35
Eneko Bergara, Ireki-ko kidea. REBEKA CALVO

Langile mugimenduak euskal preso eta iheslarien inguruan kezka bat zuela esan du Eneko Bergarak (Villabona, 1984). «Langile mugimendutik ikusi zen ekimen gutxi egin zirela preso eta iheslarien etxeratzea lortzeko helburuz eta zerbait egin behar zela erabaki genuen», esan du.

«Espetxe eta ziegetako ateak irekitzeko eta iheslarien sorterriratzea bideratzeko, salbuespeneko trabak gainditzeko eta gatazkan konponbidean bide berriak irekitzeko garaia da», gaineratu du. Gasteizeko ekitaldirako eskualdetik autobusak antolatu dituztela ere gogoratu du. Izena emateko zerrendak herriz herri, ohiko tokietan, jarri dituzte eta eskualdetik Tolosako Usabal kiroldegitik aterako dira 09:30ean.

Nola antolatu zarete eskualdean, sinadurak biltzeko?

Tolosaldean 2.000 sinaduratik gora bildu ditugu lantokiz lantoki. Eskualdeko taldea sortu genuen eta enpresaz enpresa joan gara langileei informazioa eman eta sinadurak bilduz. Sindikatuei deialdia egin eta erantzuna eman zutenen artean informazioa banatu genuen. Pixkana-pixkana joan gara.

Ekimenaren bukaerako ekitaldia Gasteizen egingo duzue.

12:30ean bilduko gara Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan. Bertara bi zutabetan banatuta iritsiko gara. 11:00etan aterako dira bi zutabeak Arangiz eta Otazu herrietatik eta 12:30ean elkartuko gara. Denak batera joango gara Martxoak 3 plazara, leku aproposa langileen aldarrikapena egiteko, bertan egingo da ekitaldia.

Manifestazioa eta ekitaldia izango dira larunbateko ardatzak, beraz.

Amaierako ekitaldia 13:00etan izango da Martxoak 3 plazan, eta hor iragarriko dira Hego Euskal Herrian zenbat sinadura bildu diren. Kopuruaz harago, prozesua bera izan da erronka, horrek txinaurri lan handia eskatu baitu, lantokiz lantoki joan gara, autonomoengana, merkatal guneetara... lan asko izan da. Banan bana bildu dira eta ikasturtean lan asko egin da. Langileen agendatan preso eta iheslarien gaia kokatu izana oso positiboa da. Oso harrera ona jaso dugu eta jendeak badaki badela garaia afera honi irtenbidea emateko.

Eta zer egingo duzue bildutako sinadurekin?

Asmoa da preso eta iheslarien eskubideen defentsan lan egiten duten elkarte eta taldeen esku uztea eta baita sindikatuen esku ere. Sindikatuen kasuan gaia modu publikoan agendan sartzea eskatzen diegu eta ikasturte berriarekin urratsak ematen hastea da asmoa. Larunbatean esango dugu sinadurak nora bideratuko diren zehazki.

Gaia langileen agendatik kanpo egon dela esan duzue.

Azken urteetan langileen lehentasuna lan baldintzen defentsan borrokatzea izan da. Borroka sozialak baztertu dira nolabait, egunerokotasuneko erasoei aurre egiten nahiko lan izan dugu eta. Langileen mugimendua erreferente izan da beti, baita gai sozialekin ere eta ekarpena egin nahi genuen. Gure agendan hainbat gai sozial sartzen ditugun bezala, honi ere lehentasuna eman nahi izan diogu oraingoan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!