Kulunkek luzaroan jarrai dezaten

Ataria 2017ko eka. 15a, 12:12

Topic aretoa Udaberriko belaunaldi guztien topagune bilakatu zen, joan den ekainaren 9an. ITZEA URKIZU

Joan den ostiralean ekin zion, Udaberri dantza taldeak, 60. urteurrena ospatzeari, 'Aulkien kulunka'ren estreinaldian; bihar emanaldi berezia izango dute, sanjoanei ekiteko.

Duela urte eta erdi ekindako bidea joan den ostiralean iritsi zen helmugara, Topic zentroko aretoan. Udaberri dantza taldeak Aulkien kulunka dokumentala estreinatu zuen, taldea sortu eta elikatu duten sei belaunaldietako kideen bizipenak bilduz, eta aretoa sentimendu-poltsa bilakatu zen.

Astebete lehenago iragarri bezala, 43 elkarrizketa egin dituzte, guztira, dokumentala osatzeko. Asko dira, ordea, ikus-entzunezkoan txertatu gabe geratu diren testigantza eta aipuak. Horregatik, taldeak www.udaberri.eus webgunearen bitartez zabalduko ditu, laster, azken urte eta erdian egindako 43 elkarrizketen laburpenak, pilula moduan.

Ondare ukiezin bat bildu eta gordetzeko asmoz abiarazitakoa urteurreneko proiektu indartsuenetako bat bilakatu zaio taldeari, eta aretoa ia bete zuten estreinaldian. Ondoren, egun garrantzitsuetan egin ohi den moduan, mokadutxo bat janez ospatu zuten taldearen urteurrena, belaunaldi arteko trukea gorpuztuz.

Orain, taldearen Youtubeko kanalean ikusgai da dokumentala.

ASPALDIKO OHITURAK, 'GOGOAN'

Urte hasieran esan bezala, ekaina indartsu dator Udaberriko kideentzat eta, joan den ostiralean dokumentala aurkeztu baldin bazuten, biharkoa ere ostiral berezia izango da taldearentzat.

Gogoan emanaldia eskainiko dute, San Joan jaien barruan, Euskal Herria plazan. Izenburu hori aukeratu dute, duela zenbait urte sanjoanek hartzen zuten emanaldi parte hartzaile hura gogoan dutelako. Euskal Herria plazan izaten zen orduan ere, eta Tolosako hainbat eragilek nahiz ikuslek bat egiten zuten sanjoanak ospatzeko.

Hori horrela, urteurrena hitzordu bikaina iruditu zaio Udaberriri, belaunaldi berriek ere emanaldi hori prestatu, eta herriari oroitzapenak berriro bizitzeko aukera eskaintzeko.

Horretarako, Tolosako Musika Bandarekin eta Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin elkarlanean aritu da dantza taldea, euskal doinu, dantza eta jantziak lapiko berean sartuz. Bihar izango da emaitza ikusteko aukera, 22:30etik aurrera, Euskal Herria plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!