Taldea elikatu eta biziberritu duten belaunaldien ondare ukiezina nolabait gorde nahi zutela-eta, iazko martxoan ekin zieten grabaketei, eta taldearen urteurrena baliatuko dute dokumentala plazaratzeko. Tolosaldeko Ataria lan-taldeko kide batzuekin elkartu da: urduri daude, eta gogotsu, aldi berean. Datorren ekainaren 9an izango da estreinaldia, 20:30ean, Topic aretoan.
‘Aulkien kulunka’ izenburua jarri diozue lanari. Zergatik?
Juan Urretabizkaia: Ahotsak proiektura joan zitzaigun burua, hasieratik. Euskararen ahozkotasuna eta euskalkiak biltzeko proiektua da hura, eta elkarrizketen bitartez lortzen dute hori. Guk testigantzak bildu nahi genituenez, segituan hartu genuen Ahotsak erreferentetzat eta, egia esan, duela gutxira bitarte, gure proiektuari Ahotsak deitu izan diogu gure artean, estraofizialki. Ordea, estreinaldi eguna gerturatu ahala, ikus-entzunezkoaren ildoa zehazten hasi behar izan genuen, eta baita izenburua zehazten ere. Aulkia elkarrizketa guztietan errepikatzen den elementu bakarra denez, soka horri tira genion: elkarrizketatu bakoitzak bere historia du, bere modua aulkian kulunkatzeko.
Udaberri ere errepikatuko da, noski. 60 urte betetzen ari da: zaila izan da sei hamarkada dokumental bakarrean biltzea?
Irati Hartsuaga: Oso zaila. 43 elkarrizketa egin ditugu, eta batzuk binakakoak edo taldekakoak izan dira. Lanik zailena hori guztia bildu eta gero ordubete baino gutxiagoko iraupenera murriztea izan da, dena dela polita eta interesgarria.
Oinatz Martinez: Bai, egia esan pena handia eman digu materiala kendu behar izateak, istorio, kontakizun eta gertaera asko bildu ditugulako.
J.U.: Gainera, proiektu honek aukera eman digu ikusteko, 60 urteotan hainbat modu izan direla taldea bizitzeko eta taldea ikusteko. Eta, hain zuzen, hori da gure nahia: Udaberriko belaunaldi guztietako jendea biltzea, iritzi guztiek tartetxo bat izan dezaten.
Ekainaren 9an ‘Aulkien kulunka’ aurkeztuko duzue, baina, baduzue asmorik egindako 43 elkarrizketa horiek argitaratzeko?
Iñigo Azkue: Bai, argitaratuko ditugu. 60 urteotan taldean egondako jendearen bizipenen ondarea ordubetean jaso ezin denez, elkarrizketa bakoitzarekin 5-10 minutuko pilula batzuk prestatu ditugu.
Josu Lizarralde: Pilula horietan elkarrizketatu bakoitzaren testigantzan sakondu ahal izango dugu, norberak Udaberrirekin izan duen lotura ezagutuz.
Dokumentaleko lantaldeko kideok, gutxi gorabehera, belaunaldi bereko kideak zarete. Nola ikusi duzue taldearen bilakaeraren kurba?
I.H.: Oso gorabeheratsua. Elkarrizketa batean baino gehiagotan errepikatu dute, horrelako talde baten bizitza erabat ziklikoa dela. Badira momentu gorenak, belaunaldi bat erabat loratuta dagoenean, eta lagunarte oso estua sortzen denean. Era berean, ordea, trantsizio eta belaunaldi aldaketa horiek une zailak izan ohi dira. Talde honek une txarrak pasa izan ditu, desagertzeko zorian egon izan da behin baino gehiagotan, eta gorabehera horiek guztiak ikusi ahal izan ditugu elkarrizketekin. Batzuek talde betea, jendetsua eta etorkizun handikoa ezagutu zuten, eta beste batzuek, aldiz, taldea utzi zuten, pentsatuz, ez zutela Udaberriren beste urteurrenik ospatuko.
J.U.: Gorabehera horiekin batera, belaunaldiz belaunaldi, oso aldakorra da Udaberri dantza taldean sartzeko arrazoia. Hasieran militantzia politikotik, euskaltzaletasunetik eta abertzaletasunetik asko zuen, baina, gaur egun artearekin edo kulturarekin lotuago dago, esan gabe baitoa euskaltzaletasunarena.
Militantzia politikorik ez bada ere, bestelako militantzia bat eskatzen du Udaberrik?
I.H.: Dei dakioke militantzia, baina nik nahiago dut auzolana deitu, kontzeptu erromantikoagoa iruditzen zaidalako. Norbait horrelako talde batean hasten denean, auzolanaren gurpilean sartzen da, eta horrek dantzaz haragoko beste mila kontutan aritzeko aukera eskaintzen du.
O.M.: Elkarrizketetan, behin baino gehiagotan errepikatu dute «Udaberri dantza talde bat baino gehiago da» esaldia. Oso deigarria suertatu zait, eta zerbait izango du talde kohesio horretatik.
Duela 10 urte, 50. urteurrenean, saretze lan handia egin zuen Udaberrik, belaunaldien festa antolatzeko. ‘Aulkien kulunka’ proiektua ere baliagarri suertatu zaizue taldekide ohiak ezagutzeko?
I.A.: Bai, eta oso aberasgarria izan da. Harrigarria da, lehenengo belaunaldiko kideekin-eta elkartu eta guri nola hitz egiten diguten. Badakite zu taldean zaudela, eta badakite horrek zer nolako esfortzua dakarren. Nolabaiteko enpatia sortzen da: ezagutu gabe ere, elkarren berri dugu, nolabait. Esan dezakegu lagun berriak egin ditugula [barreak].
J.U.: Urte osoan barrena antolatu ditugun jardueretarako aurreko belaunaldietako kideen laguntza eskatzen ari gara eta horrek, ezinbestean, berreskuratu egiten du taldekide izaera hori. Beraiek sentitzen dute, nolabait, gaur egungo Udaberrirentzat ezinbestekoak direla oraindik, eta guk uste baino garrantzitsuagoa da hori eurentzat. Grabaketetarako deitzea asko eskertu digute, adibidez.
Kontsumo propiorako jaio zen proiektua hazi egin da. Tolosarrei ere interesgarri suertatuko zaie lana?
I.H.: Herrian aritzen den talde baten historia beti da interesgarri, Tolosan edo beste edonon. Eta, are gehiago, kontuan hartuta, 60 urtetan ehunka pertsona pasatu direla Udaberri dantza taldetik; sarea asko zabaltzen da. Ni harrituta geratu naiz, ikusitakoan, zein jende mota desberdin pasatu izan den taldetik. Askotan, iruditzen zaigu euskal dantza delako, eta euskal kulturarekin eta tradizioarekin lotuta dagoelako, perfil jakin bateko jendea izango dela taldetik pasatutakoa. Baina, gero, ikusten duzu oso interes eta bizitza desberdinak izan dituen jendea elkartu dela taldean; herrian oso esparru desberdinetan mugitzen den jendea.
J.U.: Guk Udaberriren 60 urteak oinarri hartuta egin dugu lana, baina, ziur nago, auzolanarekin funtzionatzen duen beste edozein talde indentifikatuta sentituko dela testigantza hauekin. Horregatik, Tolosatik kanpo ere sona izan dezake proiektuak; hori da gure asmoa.
Eta, interes orokorretik pertsonalera, zer eman dio zuetako bakoitzari, ‘Aulkien kulunkan’ parte hartzeak?
I.H.: Orain arte ezagutzen ez nuen arren, nolabait nire bizitzaren historian dagoen jendea ezagutzea. Udaberriko kide naizen aldetik, pertsona horiek nire historiaren iragana dira. Horrekin batera, ikus-entzunezko baten sukaldeko lanak ezagutu ditut, amateur moduan bada ere.
I.A.: Hori da, hasieran ez genekien zenbaterainoko dimentsioa hartuko zuen guztiak. Hanka-sartze, istripu eta gorabeherak izan ditugu, baina aurrera egin dugu, eta azkenean dezente puztu da egitasmoa.
J.L.: Esperientzia erabat berria izan da, ikus-entzunezko batean aritu garelako, ia-ia profesionalak bezala, baina profesionalak izan gabe. Asko ikasi dugu, dudarik gabe.
O.M.: Duela 30, 40 edo 50 urteko kontuak gaur gertatu izan balira bezala kontatzen dituzte elkarrizketatuek. Gainera, elkarrizketatuek dituzten keinuak edo begietako distira errepikatu egiten dira, eta hori barruraino iristen da.
J.U.: Bai. Nik gogoan ditut aitonak soldaduskako istorioak kontatzen zizkidan uneak. Ez zuen lortzen ni hunkitzea, kontu haiek oso urrun geratzen zitzaizkidalako. Aldiz, Aulkien kulunka-ko kontakizunak, nahiz eta duela 40 urtekoak izan, oso gertu sentitzen ditut. Ikusten da Udaberrin badela zerbait, eta urteen joan-etorriarekin ere ez dela galtzen; asko gustatu zait. Horrez gain, noski, taldea kudeatzen eta lana antolatzen ikasi dugu, horrek dituen alde on eta txarrekin. Orain unerik gogorrenetako batean gaude, guztiari akatsak ikusten dizkiogulako. Hala ere, ekainaren 9an hunkitu egingo gara egin dugun lan horrek guztiak emandako emaitza ikustean, eta sekulako lasaitua hartuko dugu.
I.H.: Bai, katarsi moduko bat izango da. [barreak]
Jendearen erreakzioa jasotzeko gogotsu izango zarete, ezta?
Denak: Bai, bai.
I.H.: Elkarrizketak askotan ikusi eta entzun behar dira, eta uste dut momentu honetan azala gogortuta daukagula, nolabait: aurreneko aldiz hunkitu gintuzten esaldi haiek jada ez digute ezer esaten. Baina, hilaren 9an antzokia –espero dugu– beteta ikusten dugunean, eta jendearen harrera ikusten dugunean, hunkitu egingo garela uste dut.
J.U.: Esperientzia pilotu moduko bat egin genuen, gainera, gure taldekideekin. Bideo pilula horietako hiru erakutsi genizkien, eta beren harrera ikuste hutsa arnasa izan zen guretzat.
O.M.: Bai, lehen pauso hori gainditu genuen: taldekideak hunkitzearena.
J.U.: Orain lortu behar duguna zera da, jendea estreinaldira etortzea. Baina ez militantziaz edo konpromisoz: Topic-era bertaratzen denak benetan produktu on bat ikusteko aukera izango du, benetan saiatu baikara lan dibertigarria, arina nahiz hunkigarria osatzen, guztia, ildoa markatuko duen istorio batekin. Taldekideak badakit hunkituko direla, baina saiatu gara Udaberrirekin halako lotura esturik izan ez duen jendearengana ere iristen, eta hori da gure erronketan zailena: ikusleekin zerikusirik ez duen historia bat, ikusleengana iristea.
I.H.: Ondo zaindutako produktua izango da, eta jendeari gustatuko zaio.
‘Aulkien kulunka’-rekin irekiko duzue 60. urteurrenaren ospakizuna, eta tantaka iritsiko dira, gero, hitzorduak.
I.A.: Bai, tantaka baina etenik gabe.
J.L.: Ekainaren 9a ostirala da eta, astebetera, hilaren 16an, beste hitzordu garrantzitsu bat dugu: emanaldi berezia.
I.A.: Urteurreneko emanaldi nagusia izango da, eta Tolosako Musika Bandarekin eta Tolosako Erraldoiekin ariko gara, Euskal Herria plazan. 22:30ean hasiko da.
I.H.: San Joan jaien barruko hitzordua izango da, eta garai batean Euskal Herria plazan egiten zuten emanaldia berreskuratzeko saiakera da. Ikusiko dugu, urteurrena amaituta ere, jarraitzeko modurik baden edo ez.
J.U.: Ekainaren 23an eta 24an urteroko hitzorduak izango ditugu, noski: suaren ondorengo emanaldia eta Bordondantza.
I.H.: Irailaren 9an belaunaldien festa erraldoia egingo dugu. 50. urteurrenean ere egin genuen, eta aurreko belaunaldietako kideak oso gustura ateratzen dira kalera, dantzara. Zorionez, oraindik, lehen belaunaldikoak ere kementsu daude ateratzeko, beraz, galdu ezinezko hitzordua da. Kalejiran ibiliko gara, eta herri bazkaria izango da, ondoren, parte hartu nahi duen edonorentzat.
J.U.: Gauean, berriz, Gozategiren kontzertua izango da, herriari ere nolabaiteko eskertza eskaintzeko.
I.H.: Bukatzeko, urriaren 7an, moda desfile berezia izango da, Zerkausian. Duela mendebete tokian tokian erabiltzen zituzten arropak erakutsiko ditugu, dantzarako erabiltzen ditugunak, asko ezezagunak baitira herritarrentzat.
J.U.: Moda desfile bat izango da, baina arropa tradizionalarekin; jarduera originala izango dela uste dugu. Gure belaunaldia asko saiatu da eta saiatzen ari da tradizioa gaur egungo errealitatera egokitzen, aldatu gabe. Dokumentalean ere islatzen da tradizionalaren eta modernoaren arteko talka, eta talka horretan Udaberrik hartu izan duen norabidea. Guk tradizioari eusten diogu, baina erakusteko formatuak aldatu nahi ditugu. 60. urteurrena webgunearekin hasi genuen, eraberritze batekin, eta urteurreneko ekitaldiak bide horretatik joango dira.
Urteurren guztiek uzten dute arrastoren bat. Zuen ustez, zein izango da Udaberriren 60. urteurrenak utziko duen marka?
I.H.: Udaberriren 60. urteurrena mugarri bat izango da, ziklo baten puntu gorenean gaudelako. Ez dut esango aurrerantzean taldeak behera egingo duenik, noski, baina gauzak aldatu egingo dira. Zenbait kidek taldea utziko dute, urte askoren ondoren, eta iruditzen zait aldaketaren urteurrena izango dela.
J.U.: Belaunaldi guztiak eta herritarrak batzea lortu duen urteurrena izango dela ere esango nuke, eta hala ekarriko dugula gogora.
O.M.: Bai, irailaren 9ko festak eta dokumentalak belaunaldien arteko saretzea nabarmen indartu dute, baina, horrez gain, herritarrei begirako hitzorduek ere lortuko dute hori.
I.A.: Herritarren aldetik harrera ona jasotzen dugu beti, eta hori eskertzeko urte bikaina da aurtengoa.
J.U.: 2017a horrelaxe hasi genuen: herriari dantza eginez. Moskeo kanpaina grabatu genuen, herria harritu nahian, eta 60. urteurreneko hitzorduetan gauza bera errepikatu nahi dugu: herritarrak harritu nahi ditugu, espero ez dituzten gauzak eskainiz. Urte biribila izango dela uste dut eta, noski, gure arteko ospakizun txiki batekin amaituko dugu, behar den bezala.