Ohi baino lehenago, ekainaren 16an, iragarri dute, aurten, Tolosako San Joan jaien hasiera. Suziriaren lehertzea, eta solstizio berriaren festa. Dantzaz indarberritzeko ospakizuna. Aurten, dantzak sekula baino tarte handiagoa izango baitu, sanjoanetan: Tolosako Udaberri dantza taldeak izango du txupinazoko suziriari sua emateko ardura, 60. urteurrena ospatzen ari direla eta.
Jaiak iragartzeko Arrameleko baselizaren atarian egindako prentsaurrekoan, Olatz Peonek dantza taldeen sortzaileak gogora ekarri nahi izan ditu: "Garai gogorretan sortu zuten Udaberri, 1957an, Xalbador Garmendia eta Felix Galdonak. Orduz geroztik, gainera, Tolosak eta dio dantza egiteari utzi eta, gaur egun, Udaberri euskal kulturaren, musikaren eta dantzez arnasgunea da".
Bide horretan, Onintze Hartsuaga eta Julen Uranga dantza taldeko kideek nabarmendu dute, suziria botatzea "ohore handia" izango dela eurentzat. Sanjoanak egun seinalatuak izan dira, beti, Udaberrirentzat, bai ekainaren 23ko emanaldiagatik, baita ekainaren 24ko Bordon dantzagatik ere. Horrela, aurten hitzordu bat gehiago izango dute agendan: "Ostiralean, txupinazoa bota eta gero, Euskal Herria plazan emanaldia eskainiko dugu, 22:30ean. Garai bateko ohitura berreskuratu nahi izan dugu urteurrenaren harira eta, beraz, Tolosako Musika Banda eta Erraldoi eta Buruhandien konpartsa ere gurekin ariko dira, Gogoan ikuskizunean".
Behin festaren lehertzea baretuta, datorren larunbatak hartuko du sanjoanetako hitzordu garrantzitsuenetan lehena: kuadrillen eguna. Duela 27 urteko abiarazitako jaiaren arrakastak ez du etenik eta, aurten ere, ilara luzeen ondorioz, ordu gutxitan agortu ziren Euskal Herria plazan bazkaltzeko txartelak. Modu horretan, 1.600 pertsona elkartuko dira plazan, bazkaltzeko, Maria Navas antolatzaileen ordezkariak azaldu duenez: "12:00etan txupinazoa botako dugu Plaza Berrian, eta hurrengo urteko kuadrilla antolatzaileak aukeratzeko jolasak izango dira, gero". Eta, behin bazkari legea eginda, urteroko plana izango dute kuadrillek: erromeria, batukada eta elektro txaranga. Aipatzekoa da, gainera, kuadrilla eguneko antolatzaileek aurten proposatutako gaia Urtaroak izango dela; irudimena martxan jartzera deitu dituzte tolosarrak.
Tolosan sanjoanek tradiziotik bezain berrikuntzetatik edaten dute, eta hala azpimarratu du Olatz Peon alkateak ere: "Horregatik, iaz lehenengoz antolaturiko San Joan su txikia errepikatu egingo dugu aurten. Haurren beren espazio propioa izango dute jaietan, egunero". San Joan su txikia hilaren 23an izango da, 19:00etan, Plaza Zaharrean, eta ekainaren 25ean, berriz, Zumardiaundia izango da haurrentzako gunea.
Egun handiak, asteburuz, handiago
San Joan eguna larunbatarekin iritsiko da aurten, eta azken hamarkadan festak izan duen gorakada are gehiago haziko da, ia ziur. Festak betiko egitura eta antolakuntza jarraituko du hilaren 23an nahiz 24an, baina izango da berrikuntza txikiren bat: kanpaien kontzertua.
David Azurzaren ideia bati jarriki, ekainaren 23an, Hodeiertz abesbatzak obra berri bat txertatuko du bere errepertorioan, Santa Maria elizako kanpaiekin batera kantatzeko. Azurzak berak konposatutako lana da, eta Tolosako Ekinbide Etxearen 50. urteurreneko ospakizunetan txertatu dute, herriko jaiak baliatuz.
Bezperaren ondoren esnatuko da San Joan eguna, lizar hostoz jantzita, eta eskopeta, banda, txistulari nahiz txiribitu doinuz apainduta. Urteroko moduan, alardeak kapitain nagusi bat izango du, eta aurten Justo Lilloren txanda izango da: "30 urte daramatzat alardean parte hartzen, eta beti kapitain lanetan aritu izan naiz Uzturre konpainian. Ohore handia da aurten alardeko kapitaina izatea, eta gehiago, nire azken urtea izango dela jakinda". Lillok pozarren nabarmendu du, gainera, ekainaren 24ak denbora gutxian izan duen gorakada: "Ni hasi nintzenean 6 konpainia inguru ginen, eta orain 15 konpainia ateratzen gara: 1.500 pertsona eta 700 eskopeta. Oso egun polita da", dio.
Aipatzekoa da, Kabi Alai elkarteko eskopetari konpainiak 25 urte beteko dituela aurten; San Joan egun berezia izango dute, zalantzarik gabe.
Gertakariei aurrea hartzeko
Festa gozamenaren plaza izan arren, gertakari makurrek ere bete ohi dute jaia. Horregatik, Tolosako Udalak datozen sanjoanetarako ere prestatu du sexu erasoen aurrean martxan jarri beharreko protokoloa; erasorik gertatuz gero, jarraitu beharreko pausoak zehaztu dituzte.
Batetik, Tolosako eragile eta elkarte guztiei banatu diete protokoloa, eta jai berdinzaleen aldeko bideo bat ere argitaratu dute.
Bide beretik, ostalari eta merkatariek puntu moreak nahiz Tolosak ezetz! dioten kartelak itsatsiko dituzte beren lokaletan. Azkenik, informazio paneletan eta herriko tabernetan kartelak eta txartel txikiak eskuragarri izango dira, erasoren baten aurrean markatu beharreko telefono zenbakia argituz.
Tolosako Udalak herritarrak deitu nahi izan ditu San Joan jaietan parte hartzera, eta garraio publikoaren erabilera ere sustatu dute agerraldian.
Ikusi hemen, 2017ko San Joan jaietako egitaraua.