Igor Serranok hartuko du Txema Sernaren lekua Kirol Zuzendaritzan

Asier Imaz 2017ko ekainaren 7a

Tolosa CF-ko futbol zuzendaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Kirol Zuzendaritzan aldaketak egitea erabaki dute.

«Datorren denboraldirako, orain arte Txema Sernak zuzentzen zuen futbol arloko Kirol Zuzendaritza berrituko da. Hemendik aurrera, Igor Serrano izango da zuzendaritzaren arduraduna». Esker oneko hitzak izan dituzte kirol zuzendari ohiartzentzat taldetik: «Tolosa CF-k, Txema Sernari oraingo eta etorriko diren lorpenetan, emandako guztia, egindako lana eta ekarpena, bere profesionaltasuna eskertu nahi dizkio».

Argitara atera duten erabakiaren garrantziaren jakitun, taldeko arduradunak zaletuengana ere zuzendu dira, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest daudela azalduz: «Badakigu horrelako erabaki batek zalantzak sor ditzakela zuengan, eta horregatik adierazi nahi dizuegu, datorren denboraldia prestatzen ari garela eta ziur izan, gure egitasmoa aurrera eramateko hasierako ilusioz eta gogoz jarraitzen dugula lanean, bai zuzendaritzak, bai klubeko talde teknikoak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!