Justo Lillok ez du jarraituko Tolosa CF entrenatzen

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 7a, 07:55
Justo Lillo tolosarra ez da mutilen lehen taldearen aulkian eseriko hurrengo denboraldian; ez du Tolosa CF entrenatzen jarraituko. ASIER IMAZ

2015ean hartu zuen mutilen talde nagusiko ardura; lehen denboraldian Hirugarren Mailarako igoera lortu zuen; aurten 17. amaitu dute denboraldia.

Tolosa CF Hirugarren Mailako taldea da oraindik, eta maila mantentzeko aukerak bizi-bizirik daude, Beasain, Alaves B eta Vitoria igoera fase txukuna egiten ari direlako. Urdinak hiru talde horiei begira daude, horietako biren igoerak, euren salbazioa ekarriko lukeelako. Ekainaren amaiera baino lehen jakingo da hori.

Justo Lillo gertutik ari da jarraitzen Bigarren B Mailarako igoera fasea, besteak beste, bere talde ohiarengan eragina duten partidak ikustera joanaz. Justo Lillok ez du Tolosa CF entrenatzen jarraituko, baina bere taldea Hirugarren Mailan ikusi nahi du.

Tolosa CF-ren lehen taldea entrenatzeko ardura 2015ean hartu zuen tolosarrak, Iker Dorronsoro ordezkatuz. Urte horretan urdinen kadeteak entrenatu zituen, ohorezko mailara igoaz. Mutilen lehen taldearen arduradun nagusi bezala, estreinako denboraldian, Hirugarren Mailarako igoera lortu zuen.

Bigarren denboraldiaren balantzea egiterako garaian ez dago gustura agertzen tolosarra, horregatik hartu du taldea uzteko erabakia: «Urtean zehar desgaste handia jasan dudalako uzten dut taldea. Triste noa…; ez noa pozik, ez». Jokalariekin, aldiz, gustura ibili dela nabaritzen zaio, baina baita beste maila batzuetan arazoak sentitu ditu Lillok: «Iaz baino konpromiso handiagoa lortzea nahi nuen, baina justu alderantzizkoa gertatu da maila gehienetan. Askotan uharte batean sentitu gara; bai udaran eta baita denboraldian ere. Entrenamenduak ere baldintza txarretan egiten genituen; ez zen nabaritzen lehen taldea ginenik». Puntu honetan Txema Sernari eskerrak eman nahi izan dizkio, «taldearen oso gainean egon delako».

Barrutik «kritika latzak» jaso dituela esan du Justo Lillok, «baina bizkarretik, ez aurpegira». Horietako batzuk zerrendatu nahi izan ditu entrenatzaile tolosarrak: «Aurreko denboralditik 19 jokalarik jarraitu arren, iazko 18 eta jubenil batek, kanpotik jokalari gehiegi ekarri nituela leporatzen zidaten; galtzen genituen partida gehienetan oso planteamendu txarra egiten omen nuen, nahiz eta aurrez horrela beste hainbat partida irabazi». Denboraldiko azken partidan, etxean Balmasedaren aurka 1-2 galdu ondoren, kritika horiek areagotu egin zirela gogoratzen du Lillok: «partida galtzea leporatu zidaten; partida hau jokalariek ez dute galdu bezalako esaldiekin».

Guzti horren ondorioa zein den argi dauka tolosarrak: «Taldean, aldi berean, bi mezu desberdin egon dira. Agindua + kontra agindua = desordena».

Kritika ona dela dio Tolosa CF-ren entrenatzaile ohiak, baina «eraikitzailea». Etxetik kanpo egiten denean ez dela ezer lortzen uste du, eta horregatik kritika horien helburua zein den galdetzen du Lillok: «Mina egitea bilatzen al dute?».

Justo Lillok, beraz, ez du Tolosa CF entrenatzen jarraituko: «Arazoa ni baldin banintzen, banoa, eta arazoa konpondurik gelditzen da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!