«Aspaldi ez nintzela horrenbeste busti»

Asier Imaz 2017ko eka. 6a, 09:30
Irteera puntuan Migel Induraini omenaldia egin zioten, larunbatean, Tolosako Usabal kiroldegian. JOSU ARTUTXA

IV. Abraham Olano Zikloturista Martxarekin gustura gelditu dira antolatzaileak, eguraldia lagun ez izan arren.

Migel Indurain larunbatean Tolosan izan zen, Abraham Olano Zikloturista Martxan. Irteera puntuan omenaldia egin zioten Oriako Txirrindulari Eskolako antolatzaileek. Ondoren, martxako parte hartzaileekin batera, bizikletara igo eta errepidera irten zen bost Tour-en irabazlea. «Irteera puntuan oraindik ez zekien ibilbide luzea edo laburra egingo zuen, baina azkenean, luzea egiten amaitu zuen», azaldu du Aitor Aiertza antolatzaile taldeko kideak. Ia 200 kilometro egin ondoren, berriro Usabalen zen Migel Indurain, sasoiko eta gustura, «aspaldi ez nintzela horrenbeste busti» esanaz. 11 tontorrak ezagunak zituen Atarrabiakoak, baina Lazkao Mendiko igoeran latz sufritu zuela esan zuen.

Banestoko txirrindulari ohiarekin batera, Osa anaiak eta Juanma Garate ere martxan izan ziren, gonbidatu berezi bezala. Izan ez zirenak, izena eman zutenen erdiak izan ziren. «Eguraldia oso kaxkarra izan da, eta jende asko etxean geratu da. Hala eta guztiz ere, etorri direnak oso gustura ibili dira», onartu du Aiertzak. Nabarmentzeko beste datu bat ondorengoa da:irteera hartu zutenen %75ak ibilbide luzea egin zuela.

Eguraldi txarrak errepidea arriskutsu jarri zuen, eta horrek bere eragina izan zuen:lau zikloturista eraman zituzten ospitalera erorikoen ondorioz. Horietatik bik klabikula puskatu zuten; beste batek gerrialdean kolpe bat hartu zuen, ezer puskatu gabe, eta azkenak urradura batzuk izan zituen.

Iazko edizioa arantza batekin amaitu zuten antolatzaileek. Ertzaintzarekin hainbat liskar izan zituzten. Aurtengoan, ordea, horrelakorik ez dela izan esan du gustura Aiertzak: «Oso ondo joan da eurekiko harremana. Beldur pixka bat bagenuen, baita eurek ere. Baina dena ondo joan da eta denok gustura geratu gara. Proba amaieran Ertzain Etxetik eta guzti deitu digute, zorionak emateko. Alde horretatik, beraz, oso gustura geratu gara».

Oriako Txirrindulari Eskolako kideak laugarren edizioaren balantze positiboa egin dute, nahiz eta eguraldiarekin pena izan. Ea arantza hori hurrengo urtean ateratzen duten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!