60 urte, ordubetean

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 2a, 15:08

Udaberri dantza taldeak 'Aulkien kulunka' dokumentala estreinatuko du, ekainaren 9an, Topic zentroko aretoan, taldeko sei belaunaldien ahotsa protagonista izango da ikus-entzunezkoan.

Ospakizunak hamaika modutara egin daitezke, baita pantaila bati begira ere. Horrela, Tolosako Udaberri dantza taldeak ikus-entzunezko bat prestatu du, 60. urteurrenaren harira. Sei hamarkada, sei belaunaldi eta ehunka ahots bildu nahi izan dituzte, Udaberri sortu, eraiki, hustu, bete, elikatu eta bizirik mantendu duten horien ondare ukiezina gordetzeko.

Kontsumo propiorako grabaketa arrunt batzuekin hasi zenak, gorputz handia hartu du hilabeteetan barrena eta, guztira, 43 elkarrizketa egin dituzte, dokumentala osatzeko. Taldearen sorrera, abertzaletasuna, frankismo garaia, udako bidaiak, dantza tradizionalaren eta modernoaren arteko talka, laguntasun betierekoa, emanaldi kuttunenak, maitasun istorioak... Hori guztia eta gehiago kontatuko dute, udaberritarrek, norbere aulkitik.

Aulkia baita protagonista, Udaberri dantza taldearen ekoizpen propio honetan. Izan ere, udaberritar bakoitzak du bere historia, bere talde ikuskera, bere ibilbidea eta bere testigantza: udaberritar bakoitzak du bere aulkia. Ikuspegi bakar horiek guztiak aulkien metaforarekin azaldu nahi izan dituzte, eta urteen joan-etorria kulunkarekin lotu.

2015eko irailean sukaldatzen hasi ziren Aulkien kulunka eta, ideiatik ekintzetara, 2016ko martxoan ekin zieten lehen grabaketei. Dokumentala bera izango da fruitu nagusia, baina Udaberri dantza taldeko sareak indartzeko ere tresna bikaina izan da lana, belaunaldien arteko enpatia biziberrituz. Bide horretan, produkzio lanaz harago, pantailan bertan ikusi ahal izango da, eskuz esku idatzitakoa dela, Udaberri dantza taldearen 60 urteko historia.

Eta halaxe sortu, landu eta zaindu dute, halaber, 'Aulkien kulunka': eskuz esku. Talde amateur baten pasiotik irten da ordubete inguruko lana, udaberritarrei eskainitakoa, baina baita tolosarrei, dantzariei, musikariei nahiz bizitzaren gauza txiki eta ederrak maite dituztenei ere. Guztia, etortzeko dauden urteak ere aulki bete daitezen, denboran kulunkatzen jarraitzeko.

Izenburua: Aulkien kulunka.

Sinopsia: Txikiak, handiak, arinak, egur sendoz eginak. Mende zaharreko estetiken jarraitzaileak, hiru hankakoak edo laukoak. Diseinu abangoardistena dutenak. Edo bi estilo bateratzen dituztenak. Ia amaigabea da aulki moten zerrenda, eta horrela, eserita, ikusten dira denbora eta mundua; eta gainerako aulki guztiak. Horrela urdintzen zaigu ilea eta zimurtzen azala: bizipen eta oroitzapenen pisuaz. Eta, iragandako uneen baimenarekin, etortzeko daudenei begira uzkurtzen zaigu bihotza, aulkien kulunkan.

Iraupena: 60 minutu.

Egilea: Udaberri dantza taldea.

Zuzendaria: Juan Urretavizcaya.

Sorkuntza taldea: Josu Artutxa, Iñigo Azkue, Irati Hartsuaga, Josu Lizarralde, Oinatz Martinez eta Itzea Urkizu.

Musika: Ander Zubillaga.

Estreinaldia: Ekainaren 9a, ostirala. Topic zentroa, Tolosa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!