Sagarraz zukutzeko asteburua

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 31a, 17:31
Txaparro sagardotegian izan da aurkezpena.

Sagardofest egitasmoak estreinakoz hartuko du Tolosa; ekainaren 9tik 11ra bitarte, sagardoaren kulturaz blaituko dute egitaraua

Sagardoari gorazarre egiteko egunak iristear dira Tolosan, Sagardofest egitasmoaren eskutik. Sanjoanen ataria goxatuko du jaiak, eta Batasuna elkartearen urteroko sagardo eguna indartuko dute, bisita gidatu, dastatze, nahiz bertso saioekin.
Ekainaren 9tik 11ra bitarteko egitaraua Letxuga kaleko Txaparro sagardotegian iragarri dute, eta Olatz Peon Tolosako alkatea, Amaia Zubeldia Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko teknikaria eta Xabier Garikano Txaparro sagardotegiko arduraduna izan dira agerraldian.
Produktuaren izaera estrategikoa nabarmendu du Olatz Peonek, «bertako nortasunaren parte» dela azpimarratuz: «Ekonomiari bultzada ematen dio sagardoak, bai enpleguaren aldetik, lanpostuak sortuz, eta baita turismoari begira ere, bisitariak erakarriz. Bertako nortasunaren ikurretako bat denez, turistentzat esperientzia bilakatzen da sagardoa». Bide horretan, Sagardofest antolatzeko elkarlana goraipatu du alkateak.
Tolosan geratzen den kaleko sagardotegi bakarra da Txaparro. Letxuga kalean dago, eta Garikano familiak oraindik mantentzen du bertako Tolarea. Sagardozaleen topaleku izateaz gain, hamaika kantu-saioren lekuko ere ba omen dira Txaparroko hormak, Xabier Garikanok azaldu duenez, eta zalantzarik ez da: Tolosako historiaren harribitxietako bat da txoko miresgarri hori.
Hala berretsi du Amaia Zubeldia Gipuzkoako Sargardogileen Elkarteko ordezkariak ere: «Horrelako sagardotegi bat bizirik mantentzea oso baliotsua da, sagardoak Euskal Herrian eta, zehazki, Tolosaldean izan duen garrantziaren erakusleiho baita».
Izan ere, Tolosako Alde Zaharrean 38 sagardotegi zabalik izan ziren garai batean. Txaparroz gain, Otegi, Atodo, Usandizagarena, Aranbururena, Ibiaga, Etxe-Haundi eta Begiristainena identifikatu dituzte, eta plano txiki bat ere osatu dute, haien garai bateko kokalekua ezagutarazteko.
Horrela, gaur egun ere nabarmentzekoa da Tolosaldeko sagardo ekoizpena: «Euskal Autonomia Erkidegoko sagardo ekoizpenaren %12 eskualdean egiten dute», azaldu du Olatz Peonek.

Egunerokoa zena, gutizia

Tolosak duen azoka berezien dinamika txalotu du Zubeldiak, Sagardofesten harira: «Hemen produktu asko bilakatzen dituzue protagonista, eta sagardoak ere horixe behar zuen: balioan jartzea eta prestigioa ematea». Izan ere, lanketa horretan bete-betean ari dira elkartetik, produktuaren dibertsifikazioan nahi kalitatean sakonduz; egun gutxi barru aurkeztuko dute Euskal Sagardoa jatorri deitura berria, esaterako.
Labeldun sagardoa, sagardo ekologikoa, aparduna, kriantza nahiz muztioa dastatzeko aukera eskainiko du Sagardofestek, besteak beste. Gainera, Frantziako sagardogile zenbait gonbidatuko dituzte antolatzaileek, horiek ere ezagutu nahi dituenarentzat.
Horrez gain, sagardo coctailak, pintxoak, dastatzeak, bertsolaritzak nahiz sagardo azokak zukutuko dute hurrengo asteburua.
Bisita gidatuen kasuan, interesa dutenek erreserba egin beharko dute, aurrez Tolosaldea Tour bulegoan, edo bisiten egunetan karpako informazio gunean. Helduek 6 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek 3 euro. Modu horretan, Txaparro sagardotegian sartzeko aukera izango da, eta garai bateko Begiristainena sagardotegian –gaur egungo Orbela tabernan– amaituko dute bisita, pintxo bana dastatuz.  

Sagardofest, egitaraua


Ekainaren 9a, ostirala
18:00. Inaugurazio ekitaldia.
18:00-21:00. Sagardo azoka Trianguloa plazan.
20:00. Sagardo coctail dastatzea Trianguloa plazan.


Ekainaren 10a, larunbata
11:00-14:00. Sagardo azoka Trianguloa plazan.
11:00. Bisita gidatua (gazteleraz eta ingelesez).
12:00. Euskal Sagardoa jatorri deituraren aurkezpena eta dastatzea.
13:00-13:30. Kata edo dastatze azkarrak.
17:00-21:00. Sagardo azoka Trianguloa plazan.
17:00. Bisita gidatua (euskaraz).
18:00. Dastatze musikatua, bertsolariekin.
19:00. Batasuna elkartearen 46. sagardo dastatzea, Berdura plazan.
20:00. Sagardo coctail dastatzea.


Ekainaren 11, igandea
11:00-14:00. Sagardo azoka Trianguloa plazan.
11:00. Bisita gidatua (gazteleraz eta ingelesez).
12:00. Tolosaldeko sagardoen aurkezpena eta dastatzea, enologo baten laguntzaz.
13:00. Dastatze azkarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!