Joan den apirilaren 11n Alcalatik Zaballako espetxera lekualdatu zuten Azkarate. Ustez ezarritako zigorra urratzeagatik epaitu nahi dute tolosarra eta bere abokatuek astearteko auzi saioan denbora gehiago eskatu zuten defentsa prestatzeko. Hala ere, atzeratu egin dute epaiketa, maiatzera arte.
Aurrez, Soto del Realen, Alcalan eta baita Zaballan ere, erietxe moduluan eduki dute gaixotasun kronikoagatik. Orain, berriro itzuli da Alcalako espetxera, senitartekoek jakinarazi dutenez. Izan ere, larriki gaixo dagoen presoetako bat da Azkarate. Eta ez da bakarra. Oier Gomez gasteiztarraren egoera ere kezkagarria da, metastasia baitu, eta sei hilabeteko bizi itxaropena eman diote medikuek. Gomezi, astelehenean esango diote kondena kentzen dioten ala ez.
Bien bitartean, Sare plataforma, 'Salatzen dut' kanpainaren barruan, larriki gaixo dauden preso guztien eskubideak aldarrikatzeko ahaleginetan dabil. Hori dela eta, datorren asteazkenean, hilak 26, Tolosako Triangulo plazan eta 'larriki gaixorik dauden presoak etxera' lelopean mosaiko erraldoi bat egingo dutela jakinarazi dute.