Pasahitza (zaharra)

Askari edo hamaiketako makrobiotikoa

Ataria 2017ko martxoaren 30a

Ohiko ogitartekoetatik urrundu eta egunpasa goazenerako hamaiketako makrobiotikoa egiteko hainbat proposamen eman dizkigu Agurtzane Larrañagak.

Garaian garaiko eta urtaroan urtaroko elikagaiak eta sukaldatzeko erak ditugu. Udaberrian komeni da hosto berde asko jatea, gibelari eta behazunari begiratzea eta garbitzea. Jaki arinagoak eta gutxi sukaldatutakoak hobetsiko ditugu.

Egunpasa goazenerako, esaterako, sushia izan daiteke aukeretako bat. Bestela, hosto berdea erabiliko dugu. Letxuga izan daiteke, edo bestela, aza. Bada, azaren hostorik handiena hartuko dugu, eta zati gogorrena labanarekin kenduko dugu. Garbitu eta ur irakinetan jarriko dugu, gatz pixka batekin. Ur irakinetan sartu atera egingo dugu denbora gehiegi bertan eduki gabe, pixka bat sukaldatuta geratzen den arte. Hostoak prest utziko ditugu, eta hosto barruan sartzeko osagaiak prestatuko ditugu jarraian.

Aurretik egina dugun eta sobratu zaigun arroz integrala erabiliko dugu. Tipula sueztituko dugu eta birrindutako tofua gehituko diogu. Hazitxo batzuk ere bota ahal dizkiogu sesamo hazia, eguzkilorearenak, kalabazarenak edota arame alga, esaterako. Gordeta dugun arroza batuko diogu, eta ez baldin badugu, zerealen bat sukaldatuko dugu, izan arroza, cus cusa edo quinoa.

Aza hostoetan sartuko dugu sukaldatu duguna, eta kontuz kontuz bildu egingo ditugu. Horrela prest izango ditugu gure ogitarteko bereziak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!