'Zerua beti beherago dago' poesia liburuaren aurkezpena, Aranburu jauregian

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 3a, 16:31

'Zerua beti beherago dago' poesia liburuaren aurkezpena egingo dute Karlos Linazasorok eta Joxan Goikoetxeak, 20:00etan, Tolosako Aranburu jauregian. Goian, Kaxoiak egindako emanaldiaren bideo laburpena ikus dezakezue:

Poesia liburu hori izan zuten hizpide Itzea Urkizu Arsuaga kazetariak egindako elkarrizketan:

Poesia liburu bat ere argitaratu duzu 2016an: 'Zerua beti beherago dago'. Bestelako tonu bat erabiltzen duzu genero honetan?

Bai, erabat desberdina da. Pentsatzen dut pertsona guztiok hainbat aurpegi ditugula; nire bi edo hiru edo lau aurpegiak oso desberdinak dira, eta oso markatuta daude. Hori antzeman egiten da prosa idazten dudanean eta poesia idazten dudanean: bai tonuz eta bai gaiz, kontrajarriak dira askotan. Baina neronek idazten ditut biak, eta barrendik ateratzen zaizkit. Biak ditut beharrezko, eta oso pertsonalak dira. Askotan, jendea harritu egiten da, eta galdetzen du ea nola idatz ditzakeen pertsona berak hain gauza desberdinak. Bada, hala gertatzen da, momentuen arabera; biak oso nireak dira eta biak maite ditut.

Otsailaren 3an emanaldia eskainiko duzue, hain justu, Zerua beti beherago dagoizenburupean. Nola suertatu da ideia?

Xabier Leteri omenaldi moduko bat egin genion 2015ean, Arantzazun, eta haren barruan poema batzuk irakurriko ote nituen esan zidaten, Joxean Goikoetxearekin batera. Bera Xabier Leteren soinu jotzailea zen eta primeran ezagutzen zuen. Nik artean ez nuen Joxean ezagutzen, baina harremanetan jarri ginen, eta emanaldi bat egitea pentsatu genuen. Joxean, gainera, musikari handia da eta zera pentsatu nuen: «Zer zortea nirea! Zerbait handia egin behar dugu». Biok ilusio handiz ekin genion lanari, biok izugarri maite eta miresten baikenuen Xabier Lete. Horrela, doinu, poema eta ipuintxo batzuk aukeratu genituen, eta Jaione Marin Joxeanen laguna ere hasi zen gurekin, gitarra jotzen. Hiruron artean zenbait entsegu egin, eta ordubeteko saioa osatu genuen. Finean, Xabier Leteren literaturari eta musikari egindako omenaldia izan zen, eta handik sortu zen ideia.

Hilaren 3koa haren errepikapena izango da?

Zertxobait aldatuko dugu, Tolosari egokituko diogu giroa. Baina, funtsean, antzekoa izango da bai. Eric Claptonen doinuak, Xabier Leterenak,... izango dira. Beraiek jotzen dute... zoragarri. Nik uste dut jendea hunkituta atera zela Arantzazutik, baina Tolosan auskalo, sekula ez da jakiten; badakizu, inor ez da profeta izaten bere herrian. Gu saiatu gara, kartel oso polit bat egin dugu, eta berriro ere ilusio handiz prestatuko dugu. Ea poz txiki bat hartzen dugun.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!