Tolosatik Belgradera

Tolosatik Belgradora errefuxiatuei arropa eramatera

Irati Saizar 2017ko urt. 24a, 08:02

Errefuxiatuek neguan berotasun pixka bat izan dezaten, arropaz beteta abiatuko dira bi furgoneta igande goizean Belgradoko noranzkoan.

Neguko arropez maletategiak bete eta Belgradora abiatuko dira bi furgoneta igande goizeko zazpietan. Eramango duten arropa eta diru bilketa ostiral eta larunbatean egingo dute San Frantzisko elizako arkupeetan; egun osoan zehar egongo dira.

Errefuxiatuen egoera kezkagarria ikusita Bidaiarien Txokoa eta Zumardia elkarteen bitartez sortutako ideia izan da eta talde batek garatutakoa. Belgradoko bi Gobernuz Kanpoko Elkarteekin harremanetan jarri dira eta dagoeneko lotuta dute guztia, biltzen dutena behar dutenei iritsiko zaiela ziurtatzeko.

Bidaia egingo dutenen artean da Josu Iztueta tolosarra eta atzo goizean Mauro Marotiak bidelagunarekin batera eskainitako prentsaurrekoan azaldu zuenez, errefuxiatuen auziari bultzada txiki bat ematea da helburu nagusia: «Suertez ezagutza eta furgonetak ere badauzkagu, beraz, iruditzen zaigu arazo baten planteamenduari soluzioa emateko bidean gaudela, arazo handi horretan gure soluzioa partxe bat izango bada ere».

Errefuxiatuei galdetzen zaienean zer den benetan behar dutena, «justizia internazionala» behar dutela esaten dute. Proiektua aurrera eramaten ari den taldeak ordea, ezin ditu nazioarteko arazoak konpondu, baina leku jakin bateko pertsona jakin batzuen neguko arazoei aurre egin diezaiekete.

Leku hori Belgrado izango da, baina, zergaiti berezirik gabe hautatu dute. «Arazoa hain da handia, egingo dugun lana leku jakin batean izan behar duela, eta agian, bilketa egiteko garaian arazo bihurtuko zaigu hori, batez ere gehiegi biltzen badugu».

Hori gerta ez dadin, oso argi daukate beharrezkoa soilik bildu nahi dutela: helduentzako eta batez ere gizonezkoentzako arropa, berokiak, uretakoak, oinetakoak, galtzerdi lodiak, burukoak eta mantak.

Bestalde, ezinbestekoa dute jendeak diruz laguntzea arropa horiek Belgradora iristea nahi bada. Joan-etorriko 5.000 kilometroak egiteko, erregaiak eta errepideetako ordainsarien kostuak kalkulatu dituzte. Furgoneta bakoitzeko, 1.000-1.500 euro inguru beharko dutela aurreikusten dute; 700 euro inguru beharko baitute erregaietan eta 400 euro inguru ordainsarietan.

Diru hori lortzeko kutxa bat jarriko dute San Frantzisko elizako arkupeetan, bilketa egingo den egun berdinetan, alegia, aste honetako ostiral eta larunbatean egun osoan zehar. Bilketa egiten duten heinean sailkatuko dute arropa eta arkupeetan kokatuko dituzten apal batzuetan jasoko dute. Hortik zuzenean kargatuko dituzte furgonetak eta bost egunetako bidairi hasiera emango diete.

Igande goizeko zazpietan abiatuko dira eta 30 orduko bidaia egingo dute errepideak eta eguraldiak laguntzen badie. Ondorengo bi egunak Belgrado inguruan pasako dituzte aurreikusitako lekuetan geldialdiak eginez, eta beste 30 ordu beharko dituzte Tolosara bueltatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!