Udal gobernuaren aurrekontu proiektua «eskasa» dela dio Bilduk

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abenduaren 26a

EH Bilduren ustez, EAJ eta PSE-EEk prestatutako aurrekontuak ohiko funtzionamendurako beharreko diru partidak bakarrik jasotzen ditu eta ia ez du berrikuntzarik  

Tolosako Udaleko EH Bilduko udal taldeak EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuak prestatutako 2017rako aurrekontuak aztertu ondoren, «eskasa» dela ondorioztatu du. Lore Agirre zinegotziak esan duenez, herritarren beharrei erreparatu ondoren «tolosarren premiei erantzuten ez dien aurrekontu proposamena da jaso duguna».

EH Bilduko kidearen hitzetan, aurrekontuan «udalaren ohiko funtzionamendua aurrera eramateko beharrezko diru partidak jasotzen dira; berrikuntzarik apenas». Era berean, dokumentuak «berrikuntza bezala» aurreko legegintzalditik aurreikusitakoa martxan jartzea jasotzen duela esan du, hau da; «Nafarroa etorbidea eraberritzea eta co-working espazioa prestatzea». «Iaz trantsizioko aurrekontu moduan definitu zuen udal gobernuak onartutako aurrekontua. 2017rako, ordea, trantsizioko aurrekontu horren oso antzeko proposamena da aurkeztu dutena».

2016a «urte galdua» izan dela esan du Agirrek, «ikustea besterik ez dago merkataritza gaiekin gertatutakoa». EH Bildurentzat aurrekontua «udalaren urteko erronkarik garrantzitsuena da» eta beraz, «EAJ eta PSE alderdiek osatutako udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenaren zenbait proposamen gehitu nahi dizkiogu».

16 dira EH Bilduren proposamenak. Udal gobernuari aurkeztu dizkiete eta erantzunaren zain daude; «udal gobernuak du erabakimena: udaleko talde guztiek babestuko duten aurrekontuak izatea eta Tolosarako proiektu konpartitu batean abiaraztea edo proiektu alderdikoi bat lortzea, zilegi zaiona bidenabar».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!