Merkataritza «gelditu» dutela salatu dute

Ataria 2016ko aza. 10a, 15:02

Igor Ezenarro eta Lore Agirre Tolosako EH Bilduko kideek salatu dute «herriko merkataritza geldiarazi» dutela.

Igor Ezenarro eta Lore Agirre EH Bilduko kideek legealdi honetan Tolosako merkataritza sektorea «geldiarazi» dutela azpimarratu dute asteazken arratsaldean eskainitako prentsaurrekoan. EH Bilduko kideen arabera, aurreko legegintzaldian martxan jarritako hainbat proiektu «geldiarazi» dituzte: «Legealdi aldaketarekin batera, merkataritza arloa gelditu egin da udalean. Urte eta erdi galdu du Tolosako Udaleko merkataritza arloak», azaldu dute.

Adibide zehatzak aipatu dituzte prentsaurrekoan. Ezenarro eta Agirreren arabera, udal gobernuaren «lehen» erabakia merkataritza departamentua deuseztatzea izan zen. «Baztertu egin zuten urteetako esperientzia zuen udal teknikaria eta enpresa pribatu baten eskuetan utzi zuten arloa. Horren ondorioz, bi langilek bete dute iada lanpostu hori, eta horrek ondorio argiak ditu: aldiro zerotik hasi beharra, eta udaleko informazioa enpresaz enpresa ibiltzea». Horretaz gain, salatu dute komertzioetan belaunaldi aldaketa bultzatzeko eta Gune Biziak sortzeko proiektuak geldiarazi dituztela, baita komertzio mahaiarekin sortutako elkarlan sarea ere. Merkataritza Ganbera eta Eusko Jaurlaritzako komertzio arloko sarietara aurkezteko lana ere «alboratu» du udalak.

Proiektu berririk ez

Martxan jarritako proiektuak «geldiarazteaz» gain, ez da proiektu berririk martxan jarri herriko merkataritza sustatzeko, EH Bilduko kideen iritziz: «EH Bilduko udal taldeak proposatu ditu auditoria energetikoa edo herri txanpona sortzeko proiektuak, baina alferrik izan da. Merkataritza arloa gelditu dute».

EH Bilduko udal taldeak eskatu dio udal gobernuari bertan behera utzitako ekimenei eusteko: «Blokeo egoera hori luzatuz gero, aurretik egindako lan guztia pikutara joan daiteke eta merkataritzaren etorkizuna kinka larrian jarri», ohartarazi dute. Zentzu horretan, elkarlanerako prest agertu dira koalizioko kideak: «Ekiteko garaia da, ezin dugu denbora gehiago galdu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!