Merkatu Txikia, hemeritzagarren aldiz

Ataria 2016ko abenduaren 23a

Astelehenean irekiko dute Merkatu Txikia Tolosako kultur etxean. Laskorain ikastolak urtero antolatzen duen ekimena da eta aurten hemeretzigarren edizioa dute.

Laskorain ikastolako hezkuntza komunitatearen urteroko hitzordua da Merkatu Txikiarena. Tolosako kultur etxean jartzen dute, urtero, eta helburua "gazteen heziketa prozesuan errealitatearen ikuspegi gizatiarra eta soziala barneratzea" da, Merkatu Txikia antolatzeko osatutako batzordeak azaldu duenez. Ikasleekin elkartasuna lantzeko antolatzen dituzten ekitaldietako bat da, hain justu, Merkatu Txikia.

Aipatu balioak Laguntza bat, irrifar bat lelopean lantzen dituzte eta ikasleen "balioak, jarrerak, emozioak eta portaerak poliki-poliki hobera aldatzea" da asmoa. "'Norbera ikasten ikasi' eta 'elkarrekin bizitzen ikasi' konpetentziekin lotutako balio hauek lantzen ditugu: errespetua gauzei, pertsonei eta ideiei", gaineratu dute.

Merkatu Txikia denda, lantoki, finantza erakunde eta beste hainbat elkartetan bildutako gauzekin osatu dute eta astelehenetik, abenduak 26, urtarrilaren 5a bitarte egongo da zabalik Tolosako kultur etxean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Merkatu Txikia zabalik dagoen bitartean ere edonor gerturatu daiteke erosteaz gain, behar ez dituen eta egoera onean dauden gauzak ematera.

Biltzen duten dirua Ibarratik Misio Taldea eta Tolosaldea Sahararekin elkarteetara bideratuko dute eta saltzen ez dituzten gauzak Saharara zein Emaus taldera bideratuko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!