Sabino Arana saria jasoko du Tolosako Ekinbide Etxeak

Tolosaldeko Ataria 2016ko abenduaren 20a

Argazkia: sabinoarana.org

50 urteko ibilbidea nabarmendu du epaimahaiak, eta urtarrilaren 29an jasoko dute garaikurra, gainerako sarituekin batera.

Sabino Arana Fundazioak XXVIII. sariak banatuko ditu eta, beste behin ere, "gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasuna erakutsi duten pertsona, elkarte edo erakundeak" saritu dituzte. Tartean da Tolosako Ekinbide Etxea ere, eta urtarrilaren 29an jasoko dute garaikurra, Bilboko Arriaga antzokian.

 

"Euskal kultura 50 urtean zabaldu duelako eta Tolosako hiria munduko kultura aniztasunaren iturri eta topagune bilakatu dituelako” aukeratu dute TEE, saridun izateko. Fundazioaren iritziz, "Tolosa kulturaren mapamundian dago, nazioartean oihartzun zabala duten egitasmoak sustatzen baitituzte". Horrela, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa eta Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiarekin batera aipatu dute, TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa bera ere.

Egitasmoekin batera, gainera, Sabino Arana fundazioak TEEren "antolatzeko gaitasuna eta konpromiso eredua" ere azpimarratu ditu, "eredu horren oinarria baita tolosarren borondatezko parte-hartzea".

 

Eragile tolosarrarekin batera, Pedro Luis Uriarte Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu ohi eta Ekonomia Itunaren aitak, Orbea sozietate kooperatiboak, EGIBIDE Diocesanas-Jesus Obrero Fundazioak, Matxalen Ziarsolo eskubaloi-jokalariak eta Pablo Picassoren Guernica margolanak jasoko dituze 2016ko Sabino Arana Sariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!