Elkartasun pausoak, urtea amaitzeko

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 14a, 15:46

XIX. Urte Zaharreko Elkartasun Krosa aurkeztu dute asteazken goizean Tolosako Udaleko pleno aretoan. Bildutako dirua Kolonbiako Cocuyo eta Campo Alegre komunitateko kideentzat izango da. Era berean, aldaketa "tekniko" batzuk egin dituzte.

Olatz Peon Tolosako alkateak, Ivan Gallego Samaniego-Orixe ikastetxeetako eskola kirola arduradunak eta Arantxa Iruretagoiena Kokuyo elkarteko kideek hitz egin dute aurtengo krosaren aurkezpenean. "Ez da ohiko kros bat, elkartasun krosa da", adierazi du Peonek. Izan ere, izen emateetatik jasotako dirua erabiliko dute Kolonbiako Buavas errekaren ondoan bizi den komunitateko Bibliomula proiektuari laguntzeko: "Zortzi urte daramatzagu proiektuarekin, eta elkarbizitza hobea sortzen lagundu dugu komunitate horietan. Gu guztioi esker jarraitzen dute aurrera", baieztatu du Iruretagoienak. 

Aldaketa ugari, lasterketaren kalitatea hobetzeko

Gero eta parte hartzaile gehiago dituen krosa da, eta hori dela eta, hainbat aldaketa egin dituzte aurten, Ivan Gallego Samaniego-Orixe ikastetxeetako kirol arduradunak adierazi duenez. Alde batetik, zirkuituan aldaketak egingo dituzte: "Lehenengo postuetan zihoazen korrikalari asko topatu egiten ziren lasterketaren amaierako korrikalariekin eta arazoak sortzen ziren". 

Hori saihesteko, lehenengo eta bigarren birak ibilbide ezberdina izango dute: lehengoan, Nafarroako Etorbidearen amaieran, Ibarra aldera doan zubia pasa, eta Ertzaintzaren base aurretik igaro ondoren, Zerkausiko zubia pasako dute. Handik, udaletxetik eskuinaldera dagoen Agintari kaletik jaitsiko dira korrikalariak. Bigarren bira orain arteko bera izango da", zehaztu du Gallegok.

Ordutegiari dagokionez, 15:30ean hasiko da 2.maila arteko haurren korrika festa. Horren arrazoia da lasterketan parte hartzen duten haurrek txokolate janean parte hartu ahal izatea, Gallegoren hitzetan. Edalontzia etxetik eramateko eskatu diete herritarrei.

Izena emateko aukera Shanti Kirolak arropa dendan bakarrik egongo da, abenduaren 14tik 30era, zortzi euroren truke. Egunean bertan, lasterketa hasi baino 30 minutu lehenagora arte ere izena eman ahal izango dute; 12 euro ordaindu beharko da, ordea, eta aldez aurretik egiteko gomendatu dute.

Sariak, kirolari eta mozorro onenarentzat

Sari berezia banatzen diote urtero Samaniego-Orixe ikastetxean ikasitako kirolariren bati, eta aurten Nerea Perez Plazas arraunlariari emango diote. San Juan taldeko patroia da, eta hainbat aldiz irabazi du Kontxako bandera.  

Era berean, mozorro onenaren saria banatuko dute bigarren aldiz: "Iaz banatu genuen lehen aldiz sari hori, eta arrakasta ikusita, berriz banatuko dugu aurten ere", azaldu du Peonek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!