Garden plataforma sortu dute Tolosako auziperatuen gurasoek

Ane Urkola 2016ko abe. 13a, 12:16

Tolosako gazte auziperatuen gurasoen plataformaren lehen helburua plataforma ezagutaraztea eta ahalik eta guraso gehien gerturatzea da. Beren seme-alaben "eskubideen eta etorkizunaren defentsan, eta guztien erabateko askatasuna lortu arte" egingo dute lan.

Garden guraso plataformako Manu Ayerza, Ana Belen Santos, Izaskun Sukia, Txema Solano eta Mentxu Julaia kideek aurkeztu dute plataforma Tolosako Kultur-Etxean. “Hainbat arrazoiengatik zigor larriak jaso ditzaketen Tolosako ia 50 gazteen guraso eta senideak gara”, aurkeztu dute beren burua.

Tolosako hainbat gazteri jarritako zigor eskaerak gogoratu dituzte lehenengo: hiru gaztek bost eta sei urte arteko zigor eskaerei egin behar diete aurre. “Altsasun gertatu den moduan, hemen ere muntaia polizial baten aurrean gaude; hiru gazte horiek ez zuten parte hartu istilu horietan”, azpimarratu dute. Era berean, Ezpala gaztetxearen aldeko eserialdi "baketsu" batean parte hartzeagatik ia hiru urtetako espetxe eskaera egin diete bi gazteri, eta 40 bat gaztek 600 eurorainoko isunak jaso dituzte.

"Gardentasun osoa" eskatzen dutelako jarri diote Garden izena plataformari. “Oso kezkatuta” agertu dira guraso horiek, eta “neurrigabetzat” jo dituzte zigor horiek: “Denak libre eta neurririk gabe kalean nahi ditugu. 50 gazte horiek egin duten delitu bakarra beren ametsen alde borrokatzea izan da”, nabarmendu dute.

Horregatik, guraso horiek bildu eta plataforma bat sortzea erabaki dute: “Gazte horiekin egin nahi duten injustiziaren aurreak ez gara isilik geratuko, eta gure seme-alaben eskubideen eta etorkizunaren defentsan lan egingo dugu”, azpimarratu dute.

Egoera berean dauden gurasoei deia luzatu diete plataforma horretan parte hartzeko, baita Tolosako herritar guztiei ere: “Oraingoan guri tokatu zaigu, baina bihar beste guraso batzuek gertatuko zaie zerbait egin ezean", adierazi dute.

Kultur Etxean elkartuko dira eta harremanetarako hainbat bide dituzte: garden2016gurasoplataforma@gmail.com helbide elektronikoa, 640137065 telefono zenbakia eta gardengurasoplataforma Facebook orrialdea.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!