Opari batean bildutako berdintasuna

Ataria 2016ko abenduaren 2a

Tolosako Udalak 'Berdintasuna oparitzeko gida' eskuliburuaren 5.000 ale banatuko ditu ikastetxe eta leku publikoetan.

Eguberriak ate joka ditugu eta ezinbestean Olentzerori gutuna prest uzteko egunak ere gainean dira. Opari zerrenda hori osatzeko orduan eskatzaileek betaurreko moreak janzteko proposamena luzatu du Tolosako Udaleko Berdintasun sailak.

Horretarako, udaleko beste sail batzuekin elkarlanean, Berdintasuna oparitzeko gida prestatu du, sentsibilizazio kanpaina batekin batera. Guztira, 5.000 ale banatuko dira ikastetxeetan Hirukide, Laskorain eta Samaniego; haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan eta leku publikoetan jostailu dendak, liburu dendak, kultur etxean.... Eta gida beraren kaleratzearekin, «pertsona helduen artean hausnarketa bultzatzea, zer oparitzen duten eta opari horiek zer eragin izan dezaketen neska-mutilen jokabide, sentimendu eta roletan nahiz bizitza pertsonaleko, familiako eta laneko proiektu eta itxaropenetan».

Maite Ruiz de Eguilaz berdintasun zinegotziak adierazi bezala, ohituren edo publizitatearen eraginez, jokatzen dugu opariak aukeratzeko orduan: «Beharbada noizbait inbidiaz begiratu diogu arrebaren, lagunaren edo beste inoren opariari, ezin izan dugulako opari horrekin jolastu, ez zegokiolako gure sexuari». Honela gida honek tankerako jokaerekin apurtzeko bide bat ere izan nahi du: «Bazterketa egoerak saihestea eta argitalpenean jasotako gogoeta, aholku eta liburu zerrenda baten bidez herritarrak kontzientziatzea du helburu, gizartearen etorkizuna berdintasunean oinarritu dadin».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!