Bide zaharrak, mende berriaren neurrira

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 1a, 09:56

Patxi Amantegi, IƱaki Labaka, Olatz Peon eta Ainhoa Aizpuru, Auzo Txikian egindako agerraldian.

Foru aldundiaren Landagipuzkoa + egitasmoak 25 baserri bide berrituko ditu, aurten, Tolosaldean

Gipuzkoa pertsonen arteko desberdintasun-maila baxuena duen Europako lurralde bilakatzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuetako bat eta, jomuga horri helduta, agintaldiaren hasieran Lurralde Oreka zuzendaritza sortu zuten, lau lan-ildo martxan jarriz. Lerro horietako batean ari dira 2016an barrena, eta Tolosaldera ere iritsi dira egitasmoaren oihartzunak: Landagipuzkoa + egitasmoaren bitartez, baserri bideak eraberritzen ari dira.

Tolosako Auzo Txikian atzo hasi ziren lanekin, Esola baserriraino doan bidea asfaltatzen, eta bertan eman zuten proiektuaren berri, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatuak, Iñaki Labaka Lurralde Orekako zuzendariak, Olatz Peon Tolosako alkateak eta Cecilia Iraola bizilagunak.

«Gipuzkoan 3.360 kilometro baserri bide daude» Aizpuruk azaldu zuenez, eta kilometro horietan guztietan egoera txarrean daudenak eraberritzea da Landagipukoaren funtsa. Horretarako, udalekin elkarlanean diru-laguntza deialdi bat egin zuten urte hasieran, eta guztira 148 proiektu aurrera eraman ahal izango dituzte.

Horietako bat da Tolosako Auzo Txikia auzoko Esola baserrira doan bidearen konponketa. Cecilia Iraola bertan bizi da azken zortzi urteotan, eta «pozik» agertu da, aurrerantzean etxerainoko bidea baldintza egokietan izango dutelako: «Lehen baldintza kaskarrak izaten ziren, eta kamioi asko ibiltzen zenez, harri eta lokatz izugarria egoten zen. Beharrezko esku-hartzea zen».

Bere aldetik, Olatz Peon Tolosako alkateak «irisgarritasuna oinarrizko eskubidea» dela nabarmendu zuen agerraldian, eta Tolosako Udalak proiektuari egindako ekarpena zehaztu: aldundiaren diru laguntzak osatzeko, Tolosako Udalak 60.000 euro bideratu ditu baserri-bideen konponketetara.

Bide horretan, Peonen ustez «aldundiarekin elkarlana ezinbestekoa» zaie udalei, «gainerakoan ezin izango baikenieke, bideen konponketek dakarten gastuei, gure kabuz aurre egin». Aipatzekoa da, Tolosako lurretan bakarrik, 26 baserri bide daudela, 134 baserritara iristeko.

BIDE BERRIEI, JARRAIPENA

Landagipuzkoa + proiektuak, guztira, 3,8 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako baserri bideak eraberritzera. Aurten, 2 milioi euroko aurrekontua baliatu dute, eta 90 kilometro baserri bide konponduko dituzte 2016a itxi aurretik.

Tolosaldean, orobat 25 bidetan aritu dira edo ari dira konponketetan Abaltzisketan, Alkizan, Altzon, Asteasun, Belauntzan, Berastegin, Berrobin, Bidania-Goiatzen, Ibarran, Larraulen, Leaburun, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen,eta 2017an barrena beste zenbait esku-hartze ere egingo dituzte, proiektuak jarraipena izango baitu: «Deialdiak segituan betetzen dira eskaeraz, eta ez dago aurrekonturik eskatzaile guztiei baserri bideak eraberritzeko. Horregatik, datorren urtean jarraipena izango du Landagipuzkoak», azaldu zuen Ainhoa Aizpuruak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!