Lehiaketen lehiaketak emandakoa, erakusketa batean

Rebeka Calvo 2016ko aza. 30a, 11:36

2015eko Argizaiola argazkilaritza sarian parte hartutako lanak ikus daitezke Aranburu jauregian abenduaren 3a bitarte.

Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Federazioak, EHATEk, urtero antolatzen du Argizaiola Saria. Lehiaketen lehiaketa dela esaten dute, izan ere, bertan parte hartzeko gonbita jaso behar da, hau da, Euskal Herriko beste zortzi argazki txapelketatan sariren bat lortu dutenek bakarrik hartu dezakete parte. Lehiaketa horien artean dago, Tolosa Herria txapelketa. Argazki ikusgarriak dira bertan parte hartzen dutenak, eta 2015eko Argizaiola Sarian parte hartu zutenak, Tolosan daude ikusgai, Aranburu Jauregian, abenduaren 3a bitarte. Erakusketa ibiltaria da, Gernikatik iritsi da Tolosara eta Aranburu jauregia utzita, Iruñeara joango da.

Erakusketa berezia da, lanek ere maila handikoak direlako. Hori dio Miren Atxaga Targazkiak elkarteko kideak, Tolosa Herria lehiaketa antolatzen duen Tolosaldeko argazkilarien taldea da, hain zuzen, Targazki.

Guztira 53 lan ikus daitezke Aranburun eta gaiak zein estiloak askotarikoak direla dio Atxagak. «Zuri-beltzeko eta koloreetako lanak daude, estudioko zein kaleko argazkiak, hainbat teknika erabilita egindako lanak daude... oso erakusketa aberatsa da, polita eta gomendagarria benetan», esan du.

«Ez dira edonola ateratako lanak; aritzen diren argazkilarien lanak dira. Kalitate handiko argazkiak dira», gaineratu du.

Argazkilariak normalean, afizionatuak dira, eta Euskal Herri osoko argazkilarien lanak biltzen ditu erakusketak.

Atxagak gomendio bat ere egin die erakusketa ikustera joan nahi dutenei; «denborarekin joan behar da eta burua libre utzita. Aurreiritziak kanpoan utzi behar dira eta jasotzeko asmoz joan behar da».

TARGAZKI

Argizaiola lehiaketen lehiaketa izanda, eskuratzen dena sarien saria dela ere esan daiteke. Horregatik da garrantzitsua argazkilarientzat. 2015ekoan Tolosan bizi den Donostiako Asier Garagarzak jaso zuen accesit saria; sari nagusia Manu Barreirok jaso zuen eta bigarren accesit-a Eladio Airesek. Asier Garagarza Targazki elkarteko kidea da eta ez da Argizaiola Sarian parte hartu duen lehen aldia. 2013an eta 2014an ere akzesit sariak eskuratu zituen.

Targazki taldea astean behin biltzen da. Atxagak esan duenez, argazkilariak «normalean» oso bakarrik sentitzen dira, «bakarrik ateratzen dituzu argazkiak, bakarrik egiten duzu lan beraiekin ordenagailuan...», eta beraz, elkartu eta «hizkuntza berean» aritzeko beste pertsona batzuen laguntasuna asko eskertzen dute.

Argazkilariak gonbidatzen dituzte taldera, euren lanaren inguruan hitz egiteko, eta urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Orain ere ari dira zerbait antolatzen, baina oraindik ezin dute zer den aurreratu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!