Azaroak 25

«Ezkontza emakumeen eskulanaren jabe egiteko estrategia da»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 23a, 10:43

Argazkia: Goierriko Hitza

Familia eredu nuklearra izango du, Aurora Iturriozek (Ordizia, 1978) indarkeria matxistari begiratzeko talaia. 19:00etan jarri dute hitzordua, kultur etxean.

Zer da familia nuklearra?

Industrializazio garaian sortutako familia eredua da, eta garai horren aurrekoa familia eredu zabala zen. Finean, familia eredu nuklearra aita, ama eta seme-alabez osatutakoa da.

Gaur egun nagusitzen den eredua da, oraindik ere. Zergatik?

Esan bezala,industrializazioarekin sortu zen, eta garai hartan banatu ziren arlo produktiboa eta erreproduktiboa ere; lehenago, baserrian zeuden bai espazio produktiboa, bai espazio erreproduktiboa. Modu berean, espazio publikoaren eta pribatuaren arteko zatiketa ere nabarmenagoa bilakatu zen; noski, espazio publikoa produkzioari lotu zitzaion, eta espazio pribatua erreprodukzioari eta zainketa lanei. Feminismotik, sexuaren araberako lan banaketa deitu izan diogu horri. Gaur egun, oraindik, gizarteak egitura hori du oinarri.

Zure ustez, egitura nuklear horrek bide ematen dio indarkeria matxistari?

Eztabaida antropologiko handiak daude, baina, nire ustez, familia eredu horren atzean gauza bakarra dago: ezkontza. Ezkontza monogamian oinarrituriko instituzioa da, eta emakumeen eskulanaren jabe egiteko estrategia bat. Ugalketa-ahalmena duten gorputzak identifikatu, emakume gisa definitu, eta, ezkontzaren eta monogamiaren bitartez, gizonek bereganatu egiten dituzte; hor dago abizenaren boterea, eta genealogiaren garrantzia. Hori guztia genero rolen baitan gertatzen da, eta indarkeria matxista, azken finean, mekanismo horren zaindaria da. Eta, hain zuzen horregatik, emakumeok familian jasaten dugu indarkeria gehien.

Zein da, familia eredu horretan, indarkeria saihesteko bidea?

Errezeta magikoa beharko genuke. Emakumeon borrokaren ondorioz, pixkana aldaketak gertatzen ari dira eta, adibidez, dibortzioak zeharo moldatu zuen ezkontza eta familia nuklearra. Era berean, gero eta gehiago dira ezkontza berdinzaleak eta familia eredu berriak. Dena den, oraindik asko geratzen da egiteko, eta datuei begiratu besterik ez da egin behar. 2015ean, adibidez, EAEn indarkeria matxista jasandako biktimen %21, 30 urtez azpikoak ziren. 2013an, berriz, bataz besteko errenta 15.000 eurokoa zen emakumeen kasuan, eta 24.000 eurokoa gizonen kasuan (Eustat). Eta, seme-alabak zaintzeko lana utzi dutenen artean, %90 emakumeak dira. Horrek guztiak azaltzen du zirkulua: genero rolek maitasun erromantikoa eta zaintza lanak esleitzen dizkigute emakumeoi. Txiroagoak eta menpekoagoak gara, eta horrek indarkeria familian edo gertukoekin jasatea dakar: indarkeria sexuala gutxien ikusten dena da, eta datuek diote kasuen %75 familia barruan gertatzen direla.

Gizarteak, oro har, ba al du kontzientziarik familia eredu hori eta indarkeria matxista zuzenki lotzeko?

Ez dut uste. Asko aurreratu dugu, baina aurrerapen horiek guztiek berdintasunaren ilusio faltsu bat sortzea ere ekarri dute. Gazteekin lan egin izan dudanean, galdetu izan diet etxean amak eta aitak lan bera egiten ote duten. Guztiek baiezkoa erantzuten dute, honakoa galdetu arte: «Ama edo aita gaixotuta, etxeko antolaketan birmoldaketa berak egin behar dira?». Orduan erortzen zaie aurrez esandako guztia. Berdintasunaren irudi faltsu batean bizi gara, politikoki zuzena den irudi horretan, eta hori oso arriskutsua da. Arazo larria baita, gizartearen zati handi batek pentsatzea emakumearen diskriminazioa ez dela hainbesterainokoa. Oso garrantzitsua da, beraz, indarkeria matxistak ematen dituen datuak mahai gainean jarri, eta ikustea gazteengan nabarmen eragiten duela.

Zein gako eskainiko zenituzke, errealitatea beste betaurreko batzuekin begiratzeko?

Nire ustez, teoria feminista besarkatu beharra dauka gizarteak, eta duen sakontasunari ausardiaz heldu, pentsatuz, proposatzen dituen aldaketa sakon horiek gure bizitza benetan hobetuko dutela.

Erlazionatuak

Esku bat, eskuak geldiarazteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016 aza 23 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!