Azaroak 25

Esku bat, eskuak geldiarazteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 23a, 10:39

Agurtza Zuberok eta Maite Ruiz de Eguilazek aurkeztu zuten egitaraua.

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunerako egitarau berezia prestatu du Tolosako Udalak, Tolosak, ezetz! lelopean

Tolosako eragile eta herritarren laguntzaz, esku erraldoia osatu dute, aurten, mosaikoan, ezezko biribila emateko. Ezezko biribila emakume eta gizonen arteko desberdintasunari, eta esku erraldoia, derberdintasun horren ondorio muturrekoenari: indarkeria matxistari.

Izan ere, datorren azaroaren 25a emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna da eta, tamalez, ezinbestekoa da, oraindik, efemeridea beste urtebetez aldarrikapenez jostea. Bide horretan, Tolosako Udaleko Berdintasun sailak prestaturiko egitaraua duela zenbait egun hasi zen, baina hilaren 25aren inguruan elkartuko dira hitzordu nabarmenenak.

Horrela, gaur bertan, Aurora Iturriozek hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, kultur etxean, Familiak eta indarkeriak harremanik ote? izenburupean.

Saio hori nahiz beste guztiak Tolosak, eztez! kanpainaren aterkipean bildu dituzte, eta Maite Ruiz de Eguilaz zinegotzia eta Agurtza Zubero teknikaria izan dira egitasmoa iragartzearen arduradunak. Ruiz de Eguilazek nabarmendu duenez, «udalak urteko 365 egunetan lan egiten du, Tolosa indarkeriarik gabeko herria izan dadin», eta «oinarrizko konpromisotzat» jo du «bide luze» hori.

Aurten esku erraldoiaren bitartez adierazi nahi izan dute indarkeria matxistaren aurkako jarrera eta, batez, ere, indarkeria mota hori jasan duten edo jasaten ari diren emakumeei begirako keinua izan dela diote: «Beren ondoan gaudela esateko modu bat da, hainbat esparru, adin eta sentsibilitatetako pertsonak helburu beraren inguruan elkartu baikara argazkian, emakume gehiagok indarkeriarik jasan ez dezan», azaldu du zinegotziak.

MOBILIZATZERA DEIA

Tolosako udalbatzako kide guztiek adostutako adierazpen instituzionala onartu zuten, atzo, indarkeria matxistaren aurkako lanean konpromisoak hartuz, eta hilaren 25ean ere elkarretaratzera deitu dute, 20:00etan, udaletxe aurrean. Egitarau osoa ikusgai hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!