«Haur bat irakurtzera behartzen dugunean, okerreko bidetik goaz»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 11a, 10:43

Yurre Ugarte tolosarrak urtebete darama, Galtzaundiko irakurle taldea dinamizatzen. Talde «sendoa» dela dio, eta irakurzale berriak animatu nahi ditu hileroko hitzordura.

Zure ustez, gizartean bada irakurzaletasunik, oro har?

Gaur egun inoiz baino gehiago irakurtzen da, baina beste kontu bat da zer irakurtzen den. Literaturak, beharbada, irakurtzen den horren guztiaren zati txiki bat bakarrik hartzen du; baina literatur zalea beti izan da gutxiengoa. Bide horretan, irakurle talde baten existentzia hutsak sustatu egiten du irakurzaletasuna.

Belaunaldi berriagoei begira, ikastetxeek, zure ustez, modu egokian sustatzen al dute irakurzaletasuna?

Ez. Nire ustez, gaur egungo hezkuntza sistemak ez ditu arteak sustatzen, oro har: ez musika, ez marrazketa, ez arte plastikoak, eta ezta literatura ere. Sorkuntza mundua beste modu batera hezi eta landu behar da, eta literatura sorkuntzaren arlo bat da. Gaur egun, irakasten den literatura apur hori modu okerrean irakasten dela uste dut, beharrarekin eta obligazioarekin lotuta. Ez luke kutsu hori izan behar, inola ere.

Nola egin beharko litzateke, zure ustez?

Hasteko, sorkuntzari orokortasunetik begiratu behar zaio, eta sorkuntzaren arloak modu librean sustatu behar dira, plazerarekin lotuz. Gaurko hezkuntza sistemak hortik oso gutxi dauka, eta haur bat zerbait irakurtzera behartzen dugunean, okerreko bidetik goaz. Horrez gain, ohiturak sustatu behar dira; irakurketak kontu naturala izan beharko luke, ez gauza arraro bat. Hezkuntza sistema gero eta okerrago doa, gainera, eta gero eta leku gutxiago dute arteek.

Ikasturtean barrena idazle askoren bisita jasotzen duzue zuenean. Horrek nola aberasten du irakurle taldearen dinamika?

Irakurri duzun liburuaren egilea aurrean izanda, irakurleak edozer galdetzeko aukera du, nahi baldin badu behintzat. Idazlearen arabera, gehiago edo gutxiago ausartzen dira galderak egitera. Dena den, harreman aberatsak sortzen dira beti, eta beti da aberasgarria jakitea zergatik idatzi zuen, nondik hasi zen,... Idazle guztiek kontatzen dute hori, normalean. Liburuaren idazketaren inguruko datu bitxiak ere beti izaten dira gustagarriak.

Liburuak sortutako sentsazioa bera ere aldatuko da idazleari entzunda.

Bai, idazleak beste dimentsio bat eman diezaioke irakurri duzunari; pentsarazi egiten dizu. Idazlea ezagutzea ez da ezinbestekoa, noski, baina euskarazko irakurle taldeetan dugun abantailetako bat da hori: idazlea aurrean eduki ahal izatea.

Zaletasunaz aritu zara, eta baita sustatzeko moduez ere. Edonork du gustuko liburu bat?

Bai, eta bat baino gehiago. Bilatu egin behar da. Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta aukera gehiago daude norbere liburu kutuna aurkitzeko. Baina, irakurtzen jarraituz gero, bat baino gehiago topa daitezke. Irakurketaren bidez, gainera, idazle baten obra osoa ezagutu dezakezu, eta bihur daiteke zure bizitzako mugarrietako bat.

Zein gako hartu behar dira kontuan, liburu bat aukeratzerakoan?

Intuizioari jarraitzea da onena. Askotan, norbaitek gomendio bat egin, eta akaso liburuak zure gustukoa izateko ezaugarri guztiak biltzen ditu, arrazionalki. Gero, ordea, liburua hartu eta ez dizu ezer esaten. Beraz, uste dut norberak bere senak esaten dionari jarraitu behar diola, eta publizitateari jaramon gutxi egin behar zaiola.

Erlazionatuak

Literatur unibertsoen parlamentua

Itzea Urkizu Arsuaga 2016 aza 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!