Literatur unibertsoen parlamentua

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 11a, 10:37

Galtzaundi irakurle taldeak sei urte daramatza, eskualdeko literatur zaleen iritzi trukea elikatzen; liburu bakarrak hamaika interpretazio izan ditzake, eta hileko hirugarren asteazkenek guztientzako lekua dute.

Hamarkada hasieran ekindako bidean aurrera jarraitzen du Galtzaundi Euskara Taldeak, irakurle taldearekin. Helburu bikoitzeko egitasmoa zen sorrera, eta baita orain ere: euskarazko irakurzaletasuna sustatzea. Bada, jomuga horietara hilero-hilero iristen dira, hirugarren asteazkenetan, Tolosako kultur etxean. Bertan elkartzen da irakurle taldea, iluntzeko zazpietan, noizean behin idazleen bisita ere jasotzen dute.

Urteotaz guztiotan, asko izan dira Tolosara bertaratu diren euskal idazleak, irakurzaleen gozamenerako: Xabier Montoia, Joxemari Iturralde, Harkaitz Cano, Garazi Kamio, Garbiñe Ubeda, Arantza Urretabizkaia, Bertol Arrieta, Arrate Mardaras, Uxua Apaolaza, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Mikel Taberna, Xabier Olarra, Lander Garro, Ione Gorostarzu, Ramon Saizarbitoria, Eider Rodriguez, Jokin Ansorena, Lourdes Oñederra eta Xabier Artola, besteak beste.

Literatur unibertsoen parlamentu txiki horretan, Yurre Ugarte idazle tolosarrak urtebete darama, jada, dinamizatzaile lanetan, eta pozarren dago taldearekin: «Idazlea naizen aldetik, irakurketa eta idazketa oso gertuko ditut eta, batez ere, oso gustuko. Sekulako ilusioa piztu zidan, Tolosatik zeregin horretarako deitu zidatelako».

Literatura ulertu eta ikusteko moduen uztartzea izan liteke irakurle talde bat, baina, inola ere ez, literatur analisi teknikoenen plaza: «Irakurle talde batean liburuak irakurtzen dira, eta liburuez hitz egiten da. Hau da, ez da beharrezkoa liburu baten analisi jakintsu eta teoriko bat egitea. Kontua da, irakurketaren esperientzia partikular bakoitza besteekin elkarbanatzea. Horrek sekulako aberastasuna ematen dio liburuari, izan ere, irakurketa jarduera intimo bat izan ohi da, eta irakurle taldeak hori gainditzen du, hain justu: irakurritakoa zugan geratu beharrean, gainerakoekin partekatzen duzu».

Alaine Agirre, azaroko idazlea

Liburu guztiekin ez da posible izaten, baina azaroko irakurgaia idazlearekin berarekin aztertuko dute, eta Alaine Agirre kultur etxera bertaratuko da.

X hil da eleberri laburraz ariko dira, eta haren hizkuntza «ederraz»: «Erritmo bizia du, eta hizkuntzak edertasun maila handia dauka. Ez dut spoiler-ik egin nahi, baina, bukaeran ezusteko batek biribiltzen du lana», azaldu du Ugartek. Maitasunaren bueltan ariko dira asteazkenean, eta abendurako Maider Gurrutxagaren Bihotz ero liburua irakurri beharko dute taldekideek: «Autoedizio ausarta da».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!