Tolosako eraikinak erretratatu beharko dira 2018ko egutegirako

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 8a, 18:54

Pleno aretoan izan da sari banaketa.

Gaur izan da 2017ko egutegiko argazkilari irabazleen sari banaketa, eta bihar hasiko dira, Zerkausian, egutegiak banatzen.

Tolosako merkataritza ez da kamera bakarrean kabitzen. Aurten, ordea, komertzio anitz horren zati txikiak objektiboekin harrapatzea izan da, TolosanKlisk argazki lehiaketako lana. Tolosako Udalak, Tolargik eta Tolosagasak elkarlanean antolatu dute egitasmoa, eta datorren urteko hilabeteak jantziko dituzte, argazki irabazleek.

Zenbaki errenkada eman du aurtengo lehiaketak, parte hartzaile kopuruarekin hasita. 31 argazkilarik parte hartu dute, eta 129 argazki aurkeztu dituzte, denera. Botoei dagokienez, berriz, 1.075 boto jaso ditu lehiaketak; internet bitartez eman dituzte gehienak, 836, eta Aranburu jauregian, berriz, 239 boto eman dituzte.

Zenbaki horien guztien saltsatik, labetik irten berri dira aste gutxi barru zabaldu beharreko egutegiak, eta bihar bertan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek: azaroaren 9an, 10ean eta 11n Zerkausian mahaitxoa jarriko dute, 09:30etik 12:30era bitarte. Behin hiru egun horiek pasata, azaroaren 14an Tolosako kultur etxean ere eskuratu ahal izango dira 2017ko Tolosako egutegiak. Aurten, 6.500 horma-egutegi egin dituzte, eta 100 egutegi handi. Nobedaderik ere bada, gainera, eskuko 500 egutegi argitaratu baitituzte.

Olatz Peon alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie antolatzaile nahiz parte hartzaileei, eta "oso egutegi berezia" dela nabarmendu du: "Tolosatik kanpoko jendeak ere eskatzen digu".

Behin sariak banatuta, alkateak berak argitu du hitzorduko misterioa: hurrengo urteko gaia. Tolosako eraikinei argazkiak atera beharko dizkiete 2018ko egutegia atondu nahi dutenek, eta aurrerago zehaztuko dituzte lehiaketaren nondik norakoak.

Aurtengoa, berriz, udalak duela zenbait aste jakinarazi bezala, Salva Vallejok irabazi du, Vinos y conservas argazkiarekin; 500 euro irabazi ditu. Ura Iturralde eta Iñigo Royo argazkilarien begirada zorrotzak epaitu ditu irudiak eta, Vallejoz gain, beste irabazleek 100 euroko ordainsaria irabazi dute.

158 AYERZA IÑAKI UGARTEMENDIA GARIKANO

159 ORÚS IÑAKI UGARTEMENDIA GARIKANO

165 ARDOAK RAUL AGUERRE

176 BETIKO ARRAINDEGIA LEIRE AGUIRREZABALA AYERZA

177 AMETSETAN LEIRE AGUIRREZABALA AYERZA

181 GERTUKOTRATUA ARANTXA ARSUAGALECUONA

182 GALTZAK MANEX ETXABE ITSASO

187 LA CALIDAD SE MANTIENE JAVIER YÁRNOZ SÁNCHEZ

 

188 ESPERANDO A LA RATITA MARIAN BARANDIARAN HORRILLO

189 KILOKO METROA ARATZ ELKORO SALVADOR

191 PATIÑAK PROBATZEN 2 ARATZ ELKORO SALVADOR

194 EROSKETAK EGITEN IDOIA ZABALETA URKOLA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!