Aukera mehatxu

Jexux Murua 2016ko aza. 8a, 12:11

Erasunen profesionaletako debut partida, Peña II.a tolosarra aurkari zuela gainera, eta Jakaren lau t´erdiko txapelketa finalaurrekoa jokatu ziren joan den larunbat arratsaldean, Tolosako Beotibarren. Bazuen mamia pilota jaialdiak, eta pozik joan ginen zer ikusiko. Tenple onean ikusi genuen zizurkildarra, eroso oso Victorren itzalean eta bere herritarren oihupean, eta hasiera ona eman zion bere profesional ibilbideari. Ederki Jon! 

Gero, ai-ai-ai, ai zer nolako eskapada egin zuen Jakak txapelaren bidetik kanpora gelditu ez zenean! Daukan maila edukita, ez dauka erraza hasiera negargarriagoa ematen partida bati. Hori bere aurka. Alde, berriz, garaiz zuzendu eta guztiz aldapa gora zuen partidari buelta emateko gai izan zela. Baina hasten al da beste aldarte batean finalean!

Hori pentsatuz herriratu nintzen -herriko taberna itxita daukagu eta elkartean juntatzen gara ia herri guztia- eta berehala galdetu zidan batek baino gehiagok: «Zer, izan al haiz Beotibarren?» Gero, batzuk Erasun zer moduz aritu zen galdetu zidaten, beste batzuk Jaka zer iruditu zitzaidan, gehienek telebistaz ikusia zuten eta nik baino hobeto zekiten hango berri, badakizue, hor jokaldiak bi eta hiru aldiz ikusten baitira, eta iritziak trukatzeko aukera izan genuen. Baina, den-denek, elkarrizketa bukatzerako bota zuten: «Jende gutxi, hi!»

Jende gutxi... «Ez, asko ez, baina askotan baino gehiago!», erantzun nien, hala zen-eta. Baina arrazoi bila ere aritu ginen: Realaren partida Atletico Madrilen aurka Donostian eta etxean, ordaindutako telebistaren batean; Beotibarko jaialdia etxean, ETB1-en; sarrera bizi samarra ordaindu beharra; trago bat lasai hartu ezin; purutzarra ezin piztu... Baina etxetik mugitu gabe ikusteko aukera, handiena. Egia da, telebista tarteko, inoiz baino jende gehiagok ikusten dituela profesionalen partidak; telebista zaletasuna zabaltzeko aukera aparta da, beraz. Baina, gehienetan, frontoiak gero eta hutsagoak daude. Hartan goxo egotea da aukera bat, eta enpresak eta, etxeko sofatik begira, geu ere hala gaudela dirudi. Partida bakanak mugiarazten gaituzte, neu ere, aitor dezadan. Eta pilotariak zalea frontoian behar du. Donostiako Atano III.a frontoian jokatzen direnean egiten dituzte gazteak erakarri eta zalea erosotasunetik mugiarazteko eskaintzak. Zergatik ez frogatu besteotan? Aukera mehatxu bihurtzen ari zaigu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!