Jaka txapelaren bidean

Ataria 2016ko aza. 5a, 20:39

Hogeita bi eta hamasei, 22-16, irabazi dio Andoni Ugalderi partidu oso gorabeheratsua jokatu eta gero; Promozioko Lau t´erdiko Txapelketako finala jokatuko du lizartzarrak bi aste barru, bigarrenez.  Jaialdi berean, 22 eta 11 irabazi du Jon Erasunek bere debuteko partida. Betekada handia ez du izan Beotibar frontoiak, baina giro bikaina jarri dute bi pilotarien jarraitzaileek, batik bat zizurkildarrenek.

Jakak, bi partida sakeek borobildu duten batean

Lizartzarren  jokoari dagokionez, bi zati oso desberdin izan ditu Jaka eta Ugalderen arteko partidak eta sakeek jarri dituzte mugarriak.

Saketik falta eginez eman dio hasiera partidari Erikek; berari egokitu zaio partidako lehen sakea egitea, eta falta egin du, sake ezin inozoagoa aterata. Eta saketik falta eginez itxi du bere lehen zati benetan kaskarra: Ugalderen hamahirugarrena, 6-13 galtzen jartzera eraman duena. Bitarte horretan, ondo jokatzen ari zen Ugalde ikusi dugu:  ondo sakatu, pilota ongi mugitu eta tanto ederrak eskaini  dizkiguna; eta presaka, jokoa argitu ezinik, bere aukerak baliatu ezinik, sakea zuenean aurkaria behartu gabe ari zen Jaka ere ikusi dugu. Izan da tarte horretan berak ondo jokatu duen tantorik, baina segidarik gabe; hala izan dira egin dituen seiak, eta baita ezker bolea bikain bat, on-ona, juezak hala ikusi ez duena eta Ugalderi eman diona ere: 5-8 behar zuena baina 4-9 izan dena. Baina ez, ez zen ondo ari, joko nahasia zen berea eta gaina hartzen ari zitzaion pilotari gazte oiartzuarra.

Bigarren sake falta hori egin duenean jo du hondoa lizartzarraren joko nahasiak, eta bigarren partidari ekin dio. Joko bikaina egin du hortik aurrera eta erabat nagusitu zaio Ugalderi. Ondo sakatzeari ekin dio, eta tanto guztiak menderatu ditu. Hala, bere markako jokaldi franko utzi digu: ezker bolea ikaragarriak zabalera zein bazterrera, eskuin bi-hormako pare bat, eta ezker gantxo ugari. Jokoaren mende ez baina jokoa menderatzen zuen Jakak jokatu du bigarren bolada honetan. Partida, hasi bezala bukatu da, egileak trukatuta: Ugaldek kontrakantxara bota du azken sakea zabalera ateratzen hasita. Zirkulua itxi du jokaldi horrekin, sake faltarekin hasia sake faltarekin bukatu da.

Bi urte segidan, bigarrenez jokatuko du txapelketa honetako finala. Iaz, Gorka errioxarrak galerazi zion txapela janztea. Aurten beste errioxar bat, Dario Gomez, izango du aurkari lizartzarrak finalean. Sakea du ikaragarri zitala errioxar honek eta asko findu beharko du Erikek errestoa; jokoan ere gora egin du Dariok azken partidetan, Peña lekuko, eta nahiz eta ligaxkak partida bakarra irabazita karanbolaz sartu finalaurrekoera, nagusitasun osoz lortu du finalean sartzea. Gaurko bigarren zatiko Jakak jokatzea eskatuko du txapelak.

Erasuni ez zaio antzeman lehen partida zuenik

Jon Erasunek hogeita bi eta hamaika, 22-11, irabazi du bere profesionaletako lehen partida. Victor aurrelari errioxar bizia zuen lagun eta nahikoa erraz irabazi diete Peña II-Untoria bikoteari. Afizionatuetan ohituak gauzkan itsura sendoa eman du zizurkildarrak lehen partida honetan.

Hemendik urte batzuetara esan ahal izango du Erasunek, profesional partida ofizial baten jo zuen lehen pilotakada tanto izan zela, halaxe gertatu baita jo duen lehen pilotakada zortzi parean baztertu eta Untoriak ekarri ezinik utzi duenean.

Victor izan da partidako nagusia. Berak agindu du hasi eta buka, eta hark jarritako erritmoan aritu dira beste guztiak. Jonek oso ondo lagundu dio eta ez zaio antzeman debuteko partidetan hasi berriei eukitzen omen duten urduritasunaren eraginik: lasai eta seguru aritu da, tanto bakarra galdu du jokoan eta jiratzeko moduko sake bat, eta afizionatuetan erakutsi izan dituen dohainak erakutsi dizkigu: behar den lekuan jarrita beti, adi aurrelariak uzten dituen zuloak betetzeko edo honen keinuak aprobetxatzeko, pilotari norabidea emanez eta asko baztertzen ... Untoriak ez du lortu partida osoan nabarmen menderatzerik eta kontuan izatekoa da hori.

Debutatu eta irabaztea ez da beti gertatzen. Gaurko eguna ondo egindakoak goraipatu eta gozatzekoa da.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!