Indonesiako Batavia Madrigal Singers abesbatza izan da 48. Tolosako Abesbatza Lehiaketako irabazlea. 22 emakumek eta 21 gizonek osatzen dute koro hau eta zur eta lur utzi dituzte ikusleak zein epaimahaikideak beren ahotsekin eta koreografiekin. Sari banaketa amaitu eta oholtza gainean ibili dira argazkiak ateratzen, sariak eskuan dituztela. Avip Priatna abesbatzako zuzendaria ere pozarren agertu da.
Zer sentitzen da sari nagusia irabazita?
Oso pozik gaude, noski. Oso lan gogorra izan da lehiaketa prestatzea. Izan ere, koroko kideak ez dira honetaz bizi. Beren lana dute, familia zaindu behar dute, edota beren bulegoan egon. Bi aldiz entseatzen dugu astean, eta ez da erraza lanarekin uztartzea. Horri guztiari, Jakartan (Indonesia) mugitzeko zailtasunak gehitu behar zaizkio; trafiko handia da gure hirian, eta horrek alde batetik bestera mugitzeko zailtasunak areagotzen ditu. Lan handia egin dugu, eta azkenean lortu dugu lehiaketa behar bezala prestatzea. Antolakuntzarekin ere oso pozik gaude: oso oso ondo antolatuta egon da dena. Sariak ere lortu ditugu, gainera, eta oso pozik gaude.
Lehen aldia da parte hartzen duzuela?
Bigarren aldia da. Duela hamar urte hartu genuen parte, 2006an.
Bigarren aldiz etorri, eta irabazteak poz bikoitza emango du orduan ez?
Bai, jakina. Tolosako abesbatza lehiaketa mundu osoko ospetsuenetarikoa da, eta oso zaila da irabaztea. Denbora asko eskatu digu lehiaketa prestatzeak, baina merezi izan du.
Zaila izan al da abestiak euskaraz ikastea?
Bai, oso zaila izan da euskarazko kantuak ikastea. Dena den, antolatzaileek laguntza handia eman digute. Antolatzailearekin harreman zuzena izan dugu kantuak prestatzeko garaian, eta berak lagundu digu ahoskerarekin. Tolosara ailegatutakoan ere lantzeko aukera izan dugu. Ez da erraza izan, baina azkenean nahiko ondo moldatu gara.