Turismo gida berezi bat, elkarlanean

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 17a, 16:41

Flandriako eta Sardiniako 34 ikaslek astea pasako dute Tolosan, Laskorain ikastolarekin egindako elkartrukeari esker. Guztien artean euskaraz, ingelesez, nederlanderaz eta sardinieraz egongo den turismo gida bat egingo dute.

Marmarra zen gaur arratsaldean nagusi, Tolosako udaletxeko areto nagusian. 80 bat ikasle bildu dira bertan, Laskorain ikastolakoak batzuk, eta Flandriatik eta Sardiniatik etorritakoak, beste batzuk.

Olatz Peon alkateak egin die harrera eta ondoren, ohi bezala, Tolosako berezitasunak biltzen dituen bideo bat ikusi ahal izan dute, eta ondoren, Tolosa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Izan ere, flandiarrak eta sardiniarrak asteburua bitarte egongo dira Tolosan, ikastolarekin batera egingo duten elkartrukeari esker. Hiru eskolen artean turistei begirako gida eleaniztuna egiten ari dira; euskaraz, ingelesez, nederlanderaz eta sardinieraz.

Ana Martinez eta Olatz Hernandez Laskoraingo Ingeleseko mintegiko irakasleek esandakoaren arabera, zehazki 19 ikasle eta bi irakasle etorri dira Flandriatik eta 15 ikasle eta 4 irakasle Sardiniatik. Elkartrukearen helburua, denen artean turismo gida bat egitea da. "Alde batetik, proiektuko lanak egin behar dituzte, grabazioak... Eta bestalde, Tolosa ezagutuko dute. Baita Igeldo, Zugarramurdi eta Baiona ere. Ostegunean herri kirolak egingo dituzte ikastolan eta pintxo potea ezagutzeko aukera izango dute. Ostiralean egingo diegu agur festa eta batzuk larunbatean joango dira eta besteak, igandean", esan du Martinezek.

"Oso garrantzitsua da guretzat. Elkartrukea bi urtetako proiektu baten barruan sartzen da, ez da bakarrik aste honetako etorrera, proiektu hau eguneroko lanean txertatzen dugu. Gure 24 ikasle Flandrian egon ziren apirilean eta martxoan beste 24 joango dira Sardiniara.  Nahiz eta ez diren ikasle guztiak joaten denak daude lanean. Ikasle guztiek prestatu dituzte Donostiarako gidak, grabazioak egin dituzte... Oso aberasgarria da", esan du Hernandezek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!