Zezen plaza zaharberritzen

Ane Urkola 2016ko urr. 14a, 09:17

Gaur hasiko da Tolosako zezen plaza berritzeko lehen fasea: bost fase izango ditu guztira.

Tolosako Udalak zezen plaza zaharberritzeko proiektua garatu du. Proiektu horren helburua da «zezen-plaza erabiltzaileentzako ebakuazio eta segurtasun betebeharretara egokitzea», Tolosako Udalak azaldu duenez.

Zezen plazako lanak bost fasetan egingo dituzte, «hainbat arazo atzeman dituztelako eta zaharberritzea bideragarria izateko». Guztira, 1.191.407 euroko aurrekontua izango dute, eta lan guztiak 2020. urterako amaitzea aurreikusi dute.

Araudi zorrotza

Hainbat arazo atzeman dituzte zezen plazan, Tolosako Udalak jakinarazi duenez: irteera kopuru txikia eta harmailetako irteeretako pasabideen altuera. Gainera, gaur egungo harmaila estaligabeak hormigoizko hamabi harmailez osaturik daude. Harmaila horiek hondatu samar daude eta pitzadura ugari dituzte gainazal ia osoan. Harmaila estaligabeek ere ez dituzte gaur egungo baldintzak betetzen: «30 eserleku baino gehiagoko ilarak daudenez, 50 zentimetroko zabalera izan beharko lukete gutxienez, eta gaur egun, 36 zentimetroko zabalera daukate». Irtenbidea bideratzeko, «beharrezkoa da plazaren edukiera gaur egungo araudira egokitzea, baita araudi horrek ilara bakoitzeko pertsona kopuruari, sarbideetako pasiloei eta harmailetara igotzeko bideei buruz zehazten dituen estandarrak betetzea ere», argitu du Tolosako Udalak.

Bost fase: 2020. urtea jomuga

Zezen plazaren zaharberritze lanak bost fasetan banatu dituzte. 2016an hasi eta 2020. arte luzatuko dira. Lanen lehen fasea 2016. urtean egitea aurreikusten da eta 138.000 euroko aurrekontua du. Hiru irteera berri egingo dituzte: Irteera bakoitzeko, 20 eserleku kenduko dituzte, hau da, 60 eserleku kenduko dituzte guztira 3.058 eserleku izango ditu zezen plazak. Horretaz gain, harmailetatik ateratzeko eskailera berriak egingo dituzte sarrera nagusiaren ondoan, eta sarrera nagusiko atea handituko dute. Amaitzeko, harmailetako baranda ere sendotuko dute, bihurdura sinpleko sare plastifikatu batekin.

Aldaketa horien ondorioz, Tolosako zezen plazaren gehieneko edukiera 3.316 pertsonakoa izango da: harmaila estaligabean 2.048 pertsona sartuko dira gehienez, eta 768 harmailetan. Bigarren fasean, palkoen egitura partzialki sendotuko dute. 2017 eta 2018. urteetan egingo dituzte lan horiek, eta 197.000 euroko aurrekontua dute. Hirugarren eta laugarren fasean, harmailak oso-osorik berrituko dituzte: 856.000 euro inbertituko dituzte lan horietan, eta 2019 eta 2020. urteetan egingo dituzte. 2020. urtera arte itxaron beharko da, beraz, zezen plazaren itxura berritua ikusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!