«Aurten inoiz baino gehiago, helburua maila mantentzea izango da»

Asier Imaz 2016ko urr. 7a, 10:17

Iñigo Moreno (1995, Tolosa) TAKE Saskibaloi taldeko jokalaria da, eta EBA ligan jokatzen du. Larunbatean jokatuko du EBA ligako lehen partida, Usabalen, 18:30ean.

Denboraldiko lehen partida jokatuko duzue larunbatean, derbia gainera. 

Hasteko partida polita, Goar Artetxeren taldearen aurka. Lehengo urtera arte Goarrek Tolosan jokatu du, beteranoetako bat zen. Aurten Zarautzera joan da entrenatzaile lanetan aritzera. Partida berezia izango da guztiontzat. Ilusio eta gogo handiarekin gaude. Aldaketa asko eta gero, ea nola hasten garen. Jendeak ez dakit zer espero duen, baina gu borrokatzeko gogotsu gaude. Animo aldetik taldea oso ondo dago. Larunbata iristeko gogoz. 

Denboraldi honetarako zein da TAKE-ren helburua? 

Aurten inoiz baino gehiago, helburua maila mantentzea izango da. Hortik aurrera etortzen den guztia ongietorria izango da. Lander Lasa bezalako jokalari bat joan zaigu, eta Goarrek ere utzi gaitu, baina taldea inoiz baino elkartuago dago. Egoerak hori eskatzen duelako. Etorriko diren emaitzak jasotzeko prest gaude, oso, eta nik uste garaipenak ere iritsiko direla, eta azkenean helburua ere lortuko dugula. 

EBA ligan hirugarren urtea duzue. Ohitzen hasiak zarete, baina erraza ez dela izango esatea ere komenigarria da, ezta? 

Lehen urtea oso zaila eta gogorra izango zela esan genuen, eta horrela izan zen, baina ilusio eta motibazio izugarria genuen. Horri esker, urte oso polita egin genuen. Horrelako beste denboraldi bat sinatuko genukeela esan genuen. Iaz, Lander Lasa eta Beñat Azaldegi iritsi ziren. Agian lehen urteko ilusiorik ez zegoen, eta jendeak gutaz asko espero zuen. Zorionez ondo erantzun genuen, eta denboraldia nahiko goran bukatu genuen. Orain hirugarrenaren aurrean gaude, eta nire ustez denetan zailena hau izango da. Hala eta guztiz ere ez diogu ezeri uko egiten, eta emaitzak iritsiko direlakoan gaude. 

Zertan oinarrituko da TAKE-ren jokoa?

Nahiko saskibaloi ausarta eta alaia jokatuko dugulakoan nago. Ez gara egongo aurkariak zer egingo duen itxaroten. Guk argi daukagu zertara jokatu behar dugun, eta horrekin bukaera arte joango gara, denak norabide berdinean lanean. Erasoan ausart ibiliko garela uste dut, eta defentsan arriskuak hartuz. Batzuetan ondo aterako da eta besteetan ez, baina beldurrik gabe ibiliko gara. Ikusteko eta jokatzeko joko polita egiten saiatuko gara.

Helburua lortzeko, etxeko partidak aurrera ateratzea ezinbestekoa izango da, ezta?

Usabalen lortzen dugun guztia beharrezkoa izango da. Etxeko partidekin eta etxeko jendearen babesarekin, nik uste, helburua lortuko dugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!