Zerotik hasi edo gauza berriak ikasi, dantzan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urriaren 6a

Udaberri dantza taldeak martxan jarri ditu, beste behin, helduentzako plaza dantza ikastaroak; izen-ematea zabalik da, urriaren 14ra bitarte.

Udaberri dantza taldeak ekin dio ikasturteari, eta harrobiarekin lanean hasi eta gero, dantza zale helduei begira jarri dira, beste urtebetez. Aurten, gainera, berrikuntza nabarmena izango dute plaza dantza ikastaroek: aurreko urteetan aritutakoentzat, dantza berriak ikasi ahal izateko taldea osatuko dute. Izen-ematea zabalik da jada, eta horretarako www.udaberri.eus atarian sartu besterik ez da egin beharko.

Zerotik hasi nahi dutenek asteartetan izango dute hitzordua, 20:30ean, Udaberriren Usabalgo entsegu gelan. Besteak beste, Fandangoa eta Arin-arina, Lantzeko inauterietako dantzak, Zazpi jauziak nahiz Larrain dantza ikasteko gune bilakatuko da kiroldegia.

Bigarren taldea, berriz, aurreko urteetan ikastaroetan aritu direnei nahiz haurrak zirela dantzan aritu zirenei begirakoa izango da: «Aurten, estreinakoz, bigarren mailako taldea osatuko dugu, helduen plaza dantza ikastaroan. Agurra, Bizkaiko Dantzari-dantza zein Lapurdiko jauziak landuko ditugu, plazara dantzari fin bihurtuta atera zaitezten!», azaldu dute taldekideek.

Urriaren 14a izango da ikastaroetan izena emateko azken eguna, eta klaseei urriaren 17ko astean ekingo diete.

Zalantzak argitzeko, ikastaroak@udaberri.eus helbidera idatz daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!