«Herritarren esku dago, hein batean, gure absoluzioa lortzea»

Ane Urkola 2016ko urr. 5a, 08:45

2015eko inauterietako liskar batzuen harira atxilotu zituzten Unai Sukia, Aitor Tolosa eta Ibai Julian tolosarrak. 15 urteko espetxe zigorra eta 38.000 euroko zigor ekonomikoa eskatu dute beren aurka, eta epaiketaren zain daude orain. 

Zer pasa zen gau hartan? Nondik dator zuen aurkako auzia?

Aitor Tolosa: Inprenta tabernan, liskarren bat egon zen, eta horregatik etorri zen polizia. Liskar hori bukatu zenean, Herrikora gerturatu ziren poliziak. Tenkatu egin zuten egoera, eta kargatu ere egin zuten. Liskarra, ustez, bukatu egin zen: gero, ordea, ertzain ugari etorri ziren eta Herrikotik aterarazi zuten jendea. Ni eta Unai [Sukia] atxilotu gintuzten, eta ondoren, Ibai Julianen etxera joan ziren bera atxilotzera.

Ibai Julian: Ertzainen 4-5 patruila etorri ziren, 25 ertzain inguru: guztiz neurrigabea izan zen. Ez dakigu zer lortu nahi zuten Herrikora hurbiltzearekin: egoera tenkatu zuten eta ondoren atxiloketak egin zituzten: selektiboki eta bi ordu beranduago. Esan ziguten lehenagotik ezagutzen gintuztela, baina hiruretako inork ez dauka aurrekaririk. Nola dakite, adibidez, non bizi naizen ni?

Komisarian igaro zenuten gaua. Zer pasa zen ondoren?

A.T.: Deklaratu egin genuen, eta baldintzapeko askatasunean libre utzi gintuzten, baina hilabetean bi aldiz sinatzera joan behar izan dugu Tolosako epaitegira. Abokatuari esker, hilabetean behin joaten gara orain.

I.J.: Fiskalaren eskaera formala iritsi zaigu orain. Guztira, 15 urteko espetxe zigorra eta 38.000 euroko isun ekonomikoa ezarri digute. Defentsa eskaera egiteko idatzia ailegatu behar zaigu orain, eta hamar eguneko epea izango dugu gure defentsa aurkezteko: froga fisikoak, lekukoak, etab. Behin hori aurkeztuta, epaiketa 3-4 hilabeteren barruan hastea aurreikusten dugu, baina ez daukagu data zehatzik.

Gazteak Kalean plataforma aurkeztu zenuten aurreko astean. Zer da salatzen duzuena?

A.T.: Muntai polizial baten aurrean gaude. Selektiboki aukeratuak izan ginen: ertzainen testigantzak soilik hartu dituzte gure aurkako frogatzat. Unai [Sukia] eta ni agertzen garen argazki bat, kasu: liskarra hasi baino lehen trago bat hartzen ateratzen gara argazkian. Argi dugu muntai polizial baten aurrean gaudela, eta beren helburu bakarra Tolosako gazte mugimendua zapaltzea izan da. Horren harira sortu dugu Gazteak Kalean plataforma.

Zein helburu ditu plataforma horrek? Zer lortu nahi duzue?

Unai Sukia: Alde batetik, gure aldeko presio soziala eragitea da helburu nagusia. Ez iritzi publiko bat sortzea soilik, kalean, gazteen eta herri sektore ezberdinen konpromisoen bitartez, gure aldeko postura zabaltzea. Bestetik, etekin politikoa atera nahi diogu egoera horri: gure aurkako auzia ez da kasu isolatua, eta beste hainbat kasu daude Tolosari soilik erreparatuta. Esate baterako, Ezpala gaztetxeko utzaraztean parte hartu zuten 50 gaztei isun ekonomikoa jarri diete. Era berean, ikusi dugu gazte mugimenduan gabezia handia zegoela alor antierrepresiboari dagokionez, eta gure aurkako auzia aprobetxatu nahi izan dugu borroka hori martxan jartzeko. Gure borroka amaitu eta gero mugimenduak nolabaiteko jarraipena izatea nahi dugu, bestelako kasuei erantzuteko.

Zein dinamika izan duzue orain arte? Zein urrats emango dituzue?

U.S.: Plataforma duela bi aste aurkeztu bagenuen ere, udara hasieran hasi ginen lanean. Udara hasieran, abokatuak konfirmatu zigun epaiketa izango genuela, eta antolatzen hastea erabaki genuen eta gure auziaren aurka borrokatzen hastea.

I.J.: Moskeo kanpaina bat egin genuen herrian gure kasua zabaltzeko, eta duela bi aste aurkeztu genuen Gazteak Kalean plataforma. Dagoeneko bi bilera egin ditugu eta jende ugari gerturatu da. Pixkanaka-pixkanaka hasi gara martxa hartzen; lan-talde komunikatiboa eta ekonomikoa martxan daude dagoeneko, mobilizazioak antolatzen gabiltza, kamisetak egiten, etabar.

Zer balorazio egiten duzue?

U.S.: Balorazio ona egiten dugu. Plataformaren batzarretan 30 pertsona inguruk hartu dute parte, jendea gogotsu eta borrokatzeko prest agertu da. Argi dugu injustizia bat dela, eta jendea kontziente da horretaz. Lana egiteko eta borrokatzeko gogoarekin gaude, eta gure esku dago, hein handi batean, gure absoluzioa lortzea. Oihartzuna izaten saiatuko gara bazter guztietan, ez Tolosan soilik. Zentzu horretan, mugimendu hori ez da herri mailako gauza: Tolosan elkartzen gara, baina irekia da. Ateak irekita daude edonorentzat, lanerako eta laguntzeko prest dagoen edonorentzat. Gazte mugimenduko eta herri mugimenduko kideek, beren espazioetan beraiek ahal duten neurrian ematen diguten laguntza ongi etorria izango da. Edozein konpromiso keinu, gure arazoa jakinarazteko aukera ematea, diru laguntzak lortzeko kontzertuak antolatzen laguntzea... dena izango da ongi etorria.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!