«Muntaia poliziala izan zela salatu nahi dugu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urriaren 1a

Gazteak Kalean plataformak deituta elkarretaratzea egin dute gaur, Tolosako epaitegiaren aurrean, Tolosako Aitor Tolosa, Unai Sukia eta Ibai Julian gazteek bizi duten egoera salatzeko. Izan ere, hiru gazteen aurka 38.000 euroko isuna eta bosna urteko espetxe zigorrak daude 2015eko Inauterietan izandako gertaera bat medio. Elkarretaratzea egiten ari zirela Ertzaintza etorri eta identifikatzeko eskatu diete.

Gazte mugimenduko militanteak dira Ibai Julian, Aitor Tolosa eta Unai Sukia, eta 2015eko Inauterietan izandako liskar bat dela eta atxilotuak izan ziren. Ertzaintzak "selektiboki" atxilotu zituela esan dute eta muntai polizial bat egin zutela nabarmendu dute. Orain hileko lehen egunetan epaitegira joan behar dute sinatzera eta gaur horretara joan behar zutela eta, gazteen babesa jaso dute epaitegiaren aurrean, elkarretaratze batekin.

Unai Sukiak gaurko elkarretaratzearekin bi salaketa egin nahi izan dituztela esan du. Batetik, muntai polizial batean kokatu du 2015ean gertatutakoa eta nabarmendu du arrazoi politikoengatik atxilotu eta epaitu dituztela, eta bestetik, "gazte mugimenduarentzat arrotzak diren instituzioetara hilero sinatzera etorri behar izatea" salatu du.

 

 
 
Elkarretaratzea bukatzear zegoela Ertzaintza gerturatu -hiru auto lehenik eta beste bat ondoren- eta baimenik eskatu ez dutelako identifikatzeko eskatu diete.
 
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!