Tolosako liburuen erreketaren 80. urteurrena gogoratuko du Tolosako Udalak

Ataria 2016ko abuztuaren 5a

1936ko abuztuaren 11an Tolosa hartu berria zuten frankistek Ixaka Lopez Mendizabalen argitaletxea arpilatu, eta liburuak ostu eta plaza erdian erre zituzten. Abuztuaren 11n 80 urte beteko dira.

Tolosako Udalak azaldu duenez, herriko liburutegiko eta eskoletako euskal liburuak ere erre zituzten: "Euskal Pizkundea sutara kondenatu zuten".  XX. mende hasieran gizarte dinamiko bat, Gipuzkoako inprimategi garrantzitsuenetako bat – Lopez Mendizabal argitaletxea-, lehenengo ikastoletako bat (1922) eta belaunaldi gazte eta berritzaile bat sortu zen Tolosan: "Tolosa euskal kulturaren eta hizkuntzaren aldeko 'Euskal Pizkundea' mugimendu kultural eta politikoaren bihotza izan zen", adierazi dute.

Abuztuaren 11an gogora ekarri nahi dute gertakizun "latz" hura: "Ezin da horrelakorik errepikatu, ez hemen eta ez inon". Euskal kulturaren kontrako kultur genozidio ahalegin horri eman zion erantzuna aldarrikatu nahi dute Tolosako Udaleko kideek, "euskara eta euskal kultura biziberritzea ekarri zuena".

Abuztuaren 11n izango da ekitaldia. Aurkezpena Koldo Ordozgoitik egingo du, eta Iñaki Garmendiak eta Miren Lopez-Mendizabalek gertatu zenaren testigantzak eskainiko dituzte. Herritarrei liburu batekin bertaratzeko deia egin diete, ekitaldiaren parte bilakatzeko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!