Itzultzeko arrazoiak eskainiko dizkie, Tolosak, bisitariei

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 15a, 17:10
Euskal Pizkundea plazan plazaratu dute udako eskaintza.

Gastronomia, kultura eta natura ardatz hartuta, lasaitasuna eta ezagutza izango dira, udan, turismoaren goranzko joerari eusteko gakoak.

Aste honetan bertan Tolosaldearen eta Goierriren eskaintza bateratua aurkeztu bezala, eskualdeko hiriburuak bere erakusleiho propioa zabaldu du jada, uda osorako. Irailaren 4ra bitarte, kultura, gastronomia eta natura bertako nahiz kanpoko bisitarien zain izango dira Tolosan, eta azken urteotako gorakadari jarraipena ematea da arduradunen jomuga. 

Nerea Letamendia Azoka eta Turismo zinegotziarekin batera, eskaintzaren aurkezpenean izan dira Joxe Agustin Arrieta Santa Mariako parrokoa, Olatz Illarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo arduraduna, Brian Cullen Tolosaldea Tour-eko langilea, Idoia Otegi Topic zentroko lehendakaria eta Iñaki Gorrotxategi, txokolatearen museoko arduraduna.

Turismoa eskualderako nahiz Gipuzkoarako "ezinbesteko jarduera ekonomiko" bilakatu dela nabarmenduz ekin dio, aurkezpenari, Nerea Letamendiak: "Lanpostuak eta aberastasuna sortzeko giltzarria da sektorea eta, guk, turismo iraunkor eta jasangarria sustatu nahi dugu, bai Tolosan, bai Tolosaldea".

Datuek ere hala diote, bada, bisitarien interesa gero eta gehiago bideratzen dela Tolosa ingurura. Horrela, 2012an Tolosako turismo bulegora bertaraturiko kanpotarrak %40 baldin baziren, iaz zenbakia %53ra igo zen. Donostiaren indarra errudunetako bat izan daiteke adituen arabera eta, horregatik, Explore San Sebastian Region turismo bulego berriak are gehiago bultzatuko du barrualdea, Boulevardetik.

Eskualdea turisten artean gero eta gustukoago bilakatzeak, "erronka berriei heltzea" dakar udalaren iritziz eta, beraz, Tolosak behar horiei erantzuteko prest egon behar duela azpimarratu du Letamendiak. Horren adibidez, Euskal Herria plazan egokituko duten hotela izan du hizpide.

Betiko harribitxiak, ederrenak

Tolosak betiko harribitxiak baliatuko ditu, behin batez Gipuzkoako hiriburu izandakora bertaratzen direnak liluratzeko. Harribitxi horiek betiko izanagatik, ordea, berrikuntzek emango diete distira: "Gure ondare historiko, kultural, gastronomiko eta naturala ezagutzeko hainbat bisita gidatu prestatu ditugu udarako", azaldu du Letamendiak.

Txotxongiloen Topic zentroa nahitaezko geldialdi bilakatu da jada, Tolosara iristen diren turistentzat, eta Gorrotxategi museoa, larunbateroko azoka nahiz Alde Zaharreko bisitak ere egonkorturiko hitzordu dira, oporraldiak betetze horretan. Kulturaz blaitzeko planen zerrenda horri, ordea, jarduera berri bat gehituko zaio aurten: Santa Maria elizako bisita gidatua.

"Turista askok eta askok eskatu izan digute eliza ezagutzeko bisita gidatu bat", azaldu du Arrieta parrokoak. Horrela, bada, eskera horri erantzungo diote, Mitxel Perales tolosarraren eskutik, astelehenetik larunbatera, 10:30etik 13:00era bitarte.

Hainbat epetan eraikitako tenplua da Santa Maria, eta horren erakusgarri dira eraikinaren kanpoaldetik ikus daitezkeen harri desberdinak. Barrualdeak, berriz, behin baino gehiagotan su hartu izan du, eta egungo aldarea XIX. mendeko neoklasikokoa da, parrokoak zehaztu duenez.

Udako jai egunetan lasaitasunaren bila doazenentzat hainbat aukera eskainiko ditu Tolosak, Letamendiaren esanetan. Horrez gain, ordea, tolosarrak ere gonbidatu nahi izan ditu bisita horietan guztietan parte hartzera: "Askotan kanpokoa hobeto ezagutzen dugu gure herrikoa baino, eta gu gara gure herriaren enbaxadore onenak. Bisitariei itzultzeko arrazoiak eman nahi dizkiegu, bai, baina baita tolosarrak beren herriko ondarea ezagutzera gonbidatu ere".

JARDUERAK eta ORDUTEGIAK:

  • Topic zentroa: asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara zabalik.
  • Santa Maria elizako bisitak: astelehenetik larunbatera, 10:30etik 13:00era. Egun osoan eliza zabalik izango da, bisitarientzat.
  • Tolosaldea Tour bulegoa: egunero, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara zabalik. Bisitak, bertatik:

UZTAILA

Asteartetik ostiralera:

11:00. Tolosaldeko Alde Zaharra.
12:00. Gorrotxategi museoa.

Larunbatetan:

10:00. Gorrotxategi museoa.
11:00. Tolosako azokak.
12:00. Tolosako Alde Zaharra.

Igandetan:

11:00. Tolosako Alde Zaharra.
12:00. Gorrotxategi museoa.

ABUZTUA

Asteartetik ostiralera:
 
11:00. Tolosako Alde Zaharra.
12:00. Gorrotxategi museoa.
 
Larunbatetan:
 
10:00. Gorrotxategi museoa.
11:00. Tolosako azokak.
12:00. Tolosako Alde Zaharra.
 
IRAILA (hilaren 4ra bitarte)
 
Asteartetik ostiralera:
 
11:00. Tolosako Alde Zaharra.
12:00. Gorrotxategi museoa.
 
Larunbatetan:
 
10:00. Gorrotxategi museoa.
11:00. Tolosako azokak.
12:00. Tolosako Alde Zaharra.
 
Igandetan:
 
11:00. Tolosako Alde Zaharra.
12:00. Gorrotxategi museoa.

 

Erlazionatuak

Barrura begirako turismoa, elkarlanean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016 uzt 12 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!