Barrura begirako turismoa, elkarlanean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 12a, 15:28

Topic zentroan izan da berrikuntzen aurkezpena.

Tolosaldeak eta Goierrik 2008. urtean sinaturiko hitzarmena berretsi dute, Euskadiko bihotza turismo gidaren eraberritzea aurkeztuz; Donostiako turismo bulego berrian beren tartea izango dute bi eskualdeek.

"Barrualdeko herrientzat lerro estrategiko bilakatu da elkarlana". Hala azaldu du Olatz Peon Tolosaldea Garatzen agentziako lehendakariak, Euskadiko bihotza gida eraberrituaren aurkezpenean. Tolosako Topic zentroan izan da agerraldia eta, alboan izan ditu, Olatz Illarregi Tolosaldea Garatzen-eko turismo arduraduna, Niko Osinalde Goitur agentziako zuzendaria, Felix Urkola Goitur-eko lehendakaria, Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendaria eta Mertxe Garmendia Eusko Jaurlaritzako turismo zuzendaria. Guztiak ere bat etorri dira bi eskualdeen elkarlanak turismoaren sektorean duen garrantzia azpimarratzerakoan, norbere baliabideak optimizatzeko bidea dela iritziz: "Izateko eta bizitzeko modu bat erakusten du", azaldu du Peonek.

Ideia berberari heldu nahi izan dio Felix Urkola Goitur-eko lehendakariak, 2008an ekindako bidearen emaitzak nabarmentzeko; Gipuzkoako bihotza sendotzeko ezinbesteko pausutzat jo du sinergia. Guztira 46 herri biltzen dituzte bi eskualdeek, eta duela sei urte sinaturiko hitzarmenaren lehen fruitua bisitari gehiago erakartzeko kanpaina bat izan zen. Horrela, baliabideak elkartuz eta norbere errekurtsoak antolatuz, hainbat turismo produktu elkarrekin sortzea ahalbidetu die elkarlanak: "Horren adibide garbia da, esaterako, Trail estazioa. EAEn lehena da, eta espainiar estatuan ere aitzindarietako bat", zehaztu du Urkolak.

46 herriren tentagarriena, hiru mokadutan

Tolosaldeko eta Goierriko harribitxi guzti-guztiak ezagutzeko liburuxkaren berrikuntza nagusia formatua bera izan da, Olatz Illarregik azaldu duenez: "Donostiako eta Gipuzkoako turismo giden formatu berbera aukeratu dugu, guztiari homogeneotasun bat eman nahian". Izan ere, uztailaren 1az geroztik Donostian martxan den turismo bulego berrian ere beren tartetxoa izango dute Tolosaldeak eta Goierrik; Gipuzkoa osoko eskaintzaren erakusleiho izango da, Boulevardeko bulegoa.

Hiriburuak berezko duen erakarmen indarra barrualdera begirako turismoa indartzeko baliatzearen garrantziaz ohartarazi du Maite Cruzadok, Gipuzkoaren txikitasunak horretarako abantailak eskaintzen dituela iritzita: "Bisitariek kostaldean geratzeko joera izaten dute, baina, herrialde honen tamaina txikia izanagatik, aniztasuna sekulakoa da. Horregatik, bulego berritik barrualderako planak eskaintzen ari gara, arrakastaz". Aipatzekoa da, adibidez, asteazken eta larunbatetan Ordiziako eta Tolosako –hurrenez hurren– azokak ezagutzeko bisitak martxan dituztela jada.

Zalantzarik ez baita: turismo gastronomikoa Tolosaldearen eta Goierriren indargune nabarmenetako bat da. Eta gida eraberrituak ederki erantzuten dio indargune horri, gainera: hiru atal ditu eta, esperientzia gastronomikoekin hasitakoa, naturaz nahiz kulturaz gozatzeko ideiekin biribiltzen du argitalpenak. Bertsio eraberrituan, gainera, mitologiak tarte berezia du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako turismo sailak sustatuta: Mariren Zuhaiztia, Aralarko txokoak eta Barandiaran museoa ezagutzera gonbidatu nahi dituzte bisitariak.

Itsasertzak limurtuta Gipuzkoara bertaratutako turistak barrualde-zaporeaz liluratzea izango da gida berriaren jomuga eta, horretarako, frantsesezko eta ingelesezko 3.000 ale argitaratu dituzte; euskarazko nahiz gaztelerazko bertsioa ere eskuragarri izango da, noski.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!