Laskorain ez da mailaz igoko

Asier Imaz 2016ko uzt. 8a, 12:21

Asteburuko kirol agendan, mendi lasterketak eta Gipuzkoako Sega Txapelketa nabarmentzen dira.

Laskorain Ikastola areto futbol taldeak ez du Bigarren B Mailan jokatuko hurrengo denboraldian. Hirugarren Mailako liga irabazi ondoren, jauzia emateko aukera zuen talde tolosarrak, baina ez dute tituludun entrenatzailerik aurkitu, eta ondorioz, igotzeari uko egin diote. Erabaki horren ondorioz, ez da Lauburu Ibarra eta Laskorainen arteko derbirik izango hurrengo denboraldian, horitxoek berriro ere Hirugarren Mailan jokatuko baitute.

Mendi lasterketak

Tolosaldean hiru lasterketa ikusteko aukera izango da asteburuan. Alde batetik, Asteasuko Santamañako Krosa izango da igandean. Herriko plazatik irtengo dira korrikalariak, 10:30ean. Asteasuri bi itzuli eman ondoren, Santamañara abiatuko dira parte hartzaileak, azken kilometro t'erdiko igoera egitera. Egunean bertan izena emateko aukera izango da, 09:30etik aurrera, 4 euroren truke.

Bestalde, Ehunmilak eta Goierriko 2 Handiak mendi lasterketak larunbatean pasako dira eskualdetik. Larraitzen 01:00ak inguruan giro ederra sortzen da, lehen korrikalariak orduan iristen baitira bertara, Txindokira igo aurretik. Goierriko 2 Handiak lasterketako partaideak izango dira horiek, izan ere, Ehunmilak lasterketakoak beranduago iritsiko dira Txindoki inguruetara. Aurrez, Tolosa zeharkatzen dute horiek. Aurreikuspenen arabera, 03:30ean iritsiko dira lehenak Tolosara. Azkenak, 14:00etan.

Ondoren Amezketara joango dira, bertatik, Txindokira joateko. Ordutegi azkarrenaren arabera, 05:30ean iritsiko dira lehenak Amezketara. Azkenak, 18:00etan.

Gipuzkoako Sega Txapelketa

Asteasun, 12:00etan, Gipuzkoako lau segalari onenak lehian ariko dira, igandean. Txapela egongo da jokoan, eta bertan, eskualdeko bi ordezkari izango dira: Jokin Etxeberria amasarra eta Arkaitz Arteaga baliarraindarra. Eurekin batera Julen Gabirondo eta Igor Esnaola ariko dira.

Karta jokoak eta xakea

Iturriza Elkarteak, bazkideentzat, Udaberriko Jokoetan izen emateko epea zabaldu du. Puntua, tutea, musa lau eta zortzi erregeetara, dominoa eta tokarako aukera dago. Izena emateko Iturriza Elkarteko bulegora joan behar da, 10:00etatik 12:00etara.

Bestalde, Juan Bautista Aranzabe Mate elkarteko kidea, XXXII Nazioarteko Open Xakeko epaile nagusia izango da Cambadosen, Galizan. Abuztuan izango da ekimena. Nazio arteko mailako txapelketa honetan epaile lanetan ariko den hamazazpigarren aldia izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!