Txupinak agintzen du

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 8a, 09:01

Tolosako Iurreamendi auzoko jaiak gaur arratsaldean hasiko dira eta, bihar gauera bitarte, izango dute zer ospatua.

Modu ofizialean izan ez bazen ere, atzo iluntzean ekin zioten, iurreamenditarrek, auzoko jaiak ospatzeari: ezkaratzen arteko kirol lehiarekin bete zuten gozamen egunen atarikoa, eguraldia lagun.

Egia da ofizialtasuna norberak ematen diola zerbaiti, baina, idatzi gabeko zenbait legek diote txupinazo hotsik gabe ez dela jairik lehertzen. Eta, Iurreamendin, noski, legeei men eginez betetzen dute egitarauaren zatirik oparoena.

Horrela, gaur arratsaldetik hasi eta bihar gauera bitarte, zapi gorriak lepoan izango dituzte Oria ibaiaren ertzeko auzotarrek, uztaila hasierak agintzen duen moduan.

Haurrentzako tentagarriak izango dira Iurreamendi auzoko jaien lehen orduak, eta gazteek eta duela zenbait urte abiarazitako erronkan aritzeko aukera izango dute ondoren.

Festa guztietan bezalaxe, ordea, haur, gazte zein heldu mahaiaren bueltan elkartzerakoan iritsiko da benetako giroa, eta dantzarekin nahiz Xabi DJaren doinuekin ahal dutenera bitarte luzatuko dute gaubela.

Larunbatean, berriz, bezperako aje eta nekeak ondo errekuperatzeko denbora izango dute auzotarrek, eta haurren krosak zabalduko du jaien azken eguneko hitzordu-zerrenda. Tokari helduko diote gero, eta patata tortillak eta afariak azken ukitua emango diete jaiei, hurrengo urtera arte.

 

IURREAMENDIKO FESTAK 2016

UZTAILAK 8, OSTIRALA

17:30. Txupinazoa.

18:00. Haur jolasak.

18:30. Gazteen erronka.

20:30. Afaria.

23:00. Dantza eta XABI DJ.

UZTAILAK 9, LARUNBATA

19:00. Haurren krosa.

19:30. Iurreamendiko V. toka txapelketa.

20:30. Patata tortilla lehiaketa.

21:00. Afaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!