Tolosa, saskibaloiaren plaza

Mikel Iraola 2016ko ekainaren 11

300dik gora saskibaloi jokalari bildu ditu egun osoan zehar TAKE Saskibaloi Taldeak urtero antolatzen duen 3x3 txapelketak. 

Goizean txikienek jokatu dute. Infantil mailan neska zein mutilez osatutako 16 taldek eman dute izena, eta alebin mailako 12k jokatu dute. Aurten, berrikuntza modura, Alondegia plazan jokatu dute txapelketa. 

Infantilen mailan, Laskoraingo barrabil haundik eta Laukote geldiezina taldeak iritsi dira finalera, eta lehen taldea izan da garaile. Alebinen mailan, berriz, Chicago me limpio eta Zapitxikiteam izan dira azkenera arte jokatu dutenak, eta lehenek irabazi dute. Gaizka Maiza, TAKEko jokalari ohi eta GBCrekin aritu denaren eskutik jaso dituzte sariak. 

Arratsaldean, berriz, San Frantzisko ibiltokia saskibaloi kantxa erraldoi bihurtu da. Urtero moduan, jokatzera nahiz partidak ikustera jende ugari gerturatu da. Guztira gizonezkoen 36 taldek eman dute izena 3x3 txapelketan, eta emakumezkoenak 12 izan dira. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!